argia.eus
INPRIMATU
Egunean Behineko finala ostiralean izango da Donostian
  • Martxoaren 31n egingo da, Euskadiko Parke Teknologikoen Donostiako Campusean, eta Kike Amonarrizek aurkeztuko du. Aplikazioak lau urte bete ditu eta bere 11. denboraldia osatu du, 65.000 erabiltzaile ingururekin.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 27a
2019ko finala Azpeitian. Argazkia: Egunean Behin.

Egunean Behin zuzeneko finala Donostian izango da, ostiralean, martxoaren 31n. Kike Amonarrizek aurkeztuko du eta Euskadiko Parke Teknologikoen Donostia Campusean izango da, Miramonen, Campuseko eraikin nagusian.

Egunean Behin euskarazko joko eta aplikazioak lau urte bete ditu martxoan, eta bere 11. denboraldia osatu du. 65.000 bat erabiltzailek hartu du parte. Guuk denboraldiko babesleak eta CodeSyntax jokoaren enpresa egileak antolatu dute finala, SPRI erakundearen eta Euskadiko Parke Teknologikoen laguntzarekin.

Denboraldiko jokoan sailkatu diren lehen 100 jokalariek tokia izango dute, baina hutsuneak betetzeko izen emate orokorra irekia dago, helbide honetan: labur.eus/finala31.

Euskarazko aplikazioa

2019an halako final bat egin zen San Agustin aretoan, Azpeitian. Gero, pandemiak topaketak geldiarazi zituen. Bitartean, telebista bidezko zuzeneko lehiaketak ere izan dira, eta CodeSyntaxek jokoaren beste bi bertsio ere garatu ditu.