60.000 euskaldunen artean 3.5 milioi partida jokatu ziren Egunean Behin jokoan 2019. urtean. Udaberrian jaio zen jokoa CodeSyntax enpresaren eskutik, eta uda aurretik gorakada konstante bat izan zena (1. denboraldia deitu genion epe honi), arrakasta handi bat bilakatu zen irailetik abendura. 2. denboraldian. Joan den igandean, abenduak 29, itxi zen fase hori. Otsailaren 3an aktibatuko da berriro jokoa baina, bitartean, hor dituzue datu batzuk jokoak iaz eman zuena baloratzeko.
Udaberrian jaio zen Egunean Behin joko aplikazio mugikorra, eta pixkanaka hazten zihoalarik ikusita, udan etena egin genuen. Denboraldiaren kontzeptua, nolabait, horren ondorio izan da, kudeaketan atseden pittin bat hartu, eta jokoa indartzeko neurriak pentsatu. Lehen denboraldiko datuak politak ziren, eta haien analisi bat argitaratu genuen. Bigarren denboraldia irailetik urte amaierara arte garatu da, eta aurrikuspen optimistekin geunden arren, izandako gorakada itzela izan da, eta ikaragarri poztu gaitu.
Erabiltzaile gorakada izan da guretzat datu baikorrena. Udan 10.000 lagun jokatzen izatetik, hiruhileko batean 60.000 izatera igaro dira. Goranzko joera izan du grafikoak, eta partida gehien jokatu ziren eguna, 60.000tik gora, 2. denboraldi honetako azken egunean izan zen, abenduaren 29an, joan den igandean.
Igandeak eta astelehenak izan ohi dira partida gehien izaten dituzten egunak. Eta orduen grafikoa ere atera dugu, noiz jokatzen diren. Hau lanegun arrunt bateko grafikoa, abendu hasierakoa:
Eguneko orduak 15 minutuko tarteetan daude banatuta grafikoan, eta une bakoitzean zenbat partida jokatu ziren. Gauerdia igaro eta berehala jokatu nahi izaten duen fan talde zorrotz bat dago, eta gero goizean esnatzearekin jokatzea erabakitzen duen talde handi bat ere badago. Egunean zehar jokatzen jarraitzen du jendeak, baina 19:30 eta 22.00ak artean primetime argi bat dago, egunean partida gehien erabakitzen diren unea.
Estatistikekin jarraituz, beheko beste grafiko honek erakusten du jokoan egunero sortu diren erabiltzaile berriak (urdinez) eta sortutako taldeak (gorriz).
Arreta jarri diezaiogun beheko detailean, abenduan gertatu zenari:
Hazkunde handiena Euskararen Nazioarteko Egunean eta haren bezperan izan zen (2.000 lagun egun bakarrean ere), eta ondoren, abenduaren 25ean, 1.500 lagun inguru gehituta. Gabonetako bazkari handiak jokoa zabaltzeko balio izan zuen, eta 500 talde baino gehiago sortu ziren egun horretan bertan, urteko egunik oparoena taldeetan. Talde berrietan ez da egongo lehia askorik hilabetez... baina lasai, itzuliko gara otsailaren 3an.