Bake prozesu izenarekin ezagutzen den horretan, sarritan egiten da berba “egia, justizia eta erreparazioa” kontzeptuei buruz. Ondo daude, jakina: hirurak dira beharrezkoak. Baina laugarren hanka falta du planteamendu horrek biolentzia eza iraunkorra izan dadin: biolentzia berriz ere erabiliko ez delako bermea, izenburuko Egundo berriro ez hori.
Sozietateari berme hori eskaintzean, bakoitzak bereaz erantzun beharko du. Espainiako Gobernuak bermeak eman beharko lituzke, estatu terrorismoa berriro erabiltzea eragotziko luketenak, estatuaren polizia-taldeek torturatzea eta tratu txarrak ematea ezinezko egingo luketenak. Onartu beharko luke estatu terrorismoak eskubideak urratu dituela, sufrimendua eragin eta biolentzia garaia luzatu egin dituela. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, Ertzaintzaren jarduna gardena izango dela bermatu behar du: tratu txarrik ez, isolatzerik ez, hiritar multzo bat duen janzkera edo erabiltzen duen hizkuntzagatik susmagarritzat jotzea ere ez. Horrela jardun izan dela onartu behar du Jaurlaritzak, egiak hala eskatzen duelako. Baita horrela jokatzeak eskubideak urratu eta sufrimendua eragin dituela ere. Ertzaintza bera ikertzeko ertzain talde independente bat osatu beharra dago, zeinaren eginkizuna ertzainen esku-hartzeen ondorioz jartzen diren salaketak ikertzea izango den. Kanpoko kontrola handitzen duten esperientzietatik ikasi (Ingalaterra eta Galesko polizian, edo Herbeheretakoan, esate baterako) eta hona ekarri behar dira. Ezker abertzaleak, bere aldetik, bermea eman beharra du, ezkerreko independentismoaren izenean etorkizunean ez dadin helburu politikoak erdiesteko biolentzia erabili. Modu bat baino gehiago dago horretarako, noski, baina, nire ustean, oinarrizko hausnarketa batekin hasi beharko da: gatazka politikoa konpontzeko armak erabiltzea erabaki zen, eta erabaki hori ez zen derrigorra izan, aukeretako bat baizik. Armak erabilita, baina, ez zen gatazka politikoa konpondu: ez dira lortu ez independentzia, ezta erabakitzeko eskubidea ere. Orain, armak uztea erabaki denean, gatazka politikoak bere horretan dirau. Ondorioz, esan daiteke borroka armatua erabiltzeak ez duela oinarrizko arazo politikoa konpondu, eta sufrimendua eragin dio herri honi, baita arazo gehiago ere; hain justu, bake prozesu deitzen den horretan konpondu beharreko biktima, preso, iheslari, armen arazoa.
Zergatik den garrantzitsua “egundo berriro ez” bermea? Bada, bestela, denbora kontua izango delako herritar multzo batek erabakitzea biolentzia politiko barik ez dagoela gatazka politikoa konpontzerik, eta hura berriz ere erabiltzen hastea. Horrela ari da Ipar Irlandan gertatzen, non biolentzia ez den guztiz desagertu eta Pazko matxinadaren mendeurrenean gerta litekeenaz arduratzen hasi diren. Gogoratu Ipar Irlandan borroka armatuari amaiera emateko hitzarmena sinatu zela, zeinaren ondorioz presoak kaleratzeko bide bat ezarri eta herri galdeketa bat deitu zen: hori guztia ez da nahikoa izan, nire ustean oinarrizko hausnarketa egin barik geratu delako: biolentzia politikoa erabiltzeak konpondu gura den arazoa konpondu ez, eta sufrimendu eta arazo gehiago sortzen ditu.
Amaitzeko, erabili ditudan aditz denborei buruzko argipen bat: Espainiako Gobernuarengandik ez dut nik bermerik ez hausnarketarik espero, borroka armatua utzi ondorengo une honetan ezein urrats espero ez dudan heinean. Baina Eusko Jaurlaritza eta ezker abertzalearengandik, ostera, bai. Eta espero dut Espainiako Gobernuaren zain geratu barik egitea aurrera, bata bestearen zain, bata besteari begira geratu barik. Bermea, nork berea eman behar digulako euskal herritarroi.