argia.eus
INPRIMATU
Egun osoan mobilizatuko da Aiaraldea eskualdea, enpleguaren defentsan
  • Aiaraldeko Greba Batzordeak deituta, ostiralean 7:30etatik 20:00ak arte egongo dira mobilizazioak Laudion eta Amurrion. Gehiengo sindikalak, aldiz, lanuztea deitu du 11:00etatik 13:00etara, eta mobilizazioak egingo ditu 11:30ean Laudio eta Amurrion.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2021eko martxoaren 05
Tubacex enpresako langileen protesta, iragan astean (Argazkia: IƱaki Montes)

Egun osoko egitaraua antolatu du Aiaraldeko Greba Batzordeak ostiralerako, "Aiaraldea alerta gorrian" lemapean. Gehiengo sindikalak -ELA, LAB, ESK eta STEILAS- lanuztea deitu du 11:00etatik 13:00etara eta mobilizazioak egingo ditu 11:30ean, Laudion zein Amurrion. 

Aiaraldeko enpleguaren aldeko aldarria zabaltzea izango da ekimemen xedea, Valvospain edota Tubacexen egoerak bultzatuta. Hodiak ekoizten dituen enpresako langileek 22 egun bete dituzte dagoeneko greba mugagabean, zuzendaritzak ezarri nahi dituen 150 kaleratzeen aurka. 

Gauzak horrela, Aiaraldeko Greba Batzordeak hurrengo deialdiak proposatu ditu ostiralerako:

  • 7:30ean hitzorduak Tubacexeko lantegietara joateko eta grebalariekin bat egiteko, Laudioko Herriko plazan eta Amurrioko Telefonicako eraikinean.
  • 11:30ean manifestazioak ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek deituta "Aiaraldean enplegu eta bizitza duinak!" lemapean, Amurrio eta Laudioko Herriko plazetan.
  • 15:30ean hitzorduak Tubacexeko fabriketara joateko eta piketeetara batzeko, Laudioko Herriko plazan eta Amurrioko Telefonicako eraikinean.
  • 20:00etan eskualdeko manifestazioa Amurrioko plazatik abiatuta.