Borondate politikoa dagoenean baliabideak bideratzen dira, eta errazagoa da dena. Eguraldi txarrarekin ikasgela ezin dela kanpora atera? Zaldibiako Udalak karpa ezarri du Lardizabal herri eskola kanpoan, hezkuntzarako balia dezaten. Gainera, ikasgela bakoitzarentzat herriko eremu ireki bat eta inguruan lokal bat bermatu ditu. Hori bai, Eusko Jaurlaritzari eskatutako baliabideen zain jarraitzen dute.
Eskola presentzialari eutsi ahal izateko neurriak
Auzoko jaietarako erabili ohi duten udal karpa muntatu dute eskola ondoan, aire zabalean estalitako gune bat bermatzeko. Pandemia garaian ahal den heinean jarduna kanpoan egitea egokiena dela argi du gero eta ahots gehiagok. “Eskola presentzialari eusteko erronkan garrantzitsua izango da aire zabalaren erabilera sustatu eta pilaketak ekiditea –adierazi dute Udaletik–. Eremu hauek eskolaren esku jartzeak horretan lagunduko duelakoan hartu dugu erabakia eta eskura ditugun bitarteko guztiak erabili beharko ditugu azpiegitura hauen mantenu, garbiketa eta desinfekziorako”.
Udalak azpimarratu du baita ere Jaurlaritzari eskatutako baliabideen zein segitzen dutela. Azken finean, EAEn Jaurlaritzak du hezkuntza eskumena, eta hari dagokio erraztasunak eta baliabideak ematea, baina eskolak kanpoan emateko eskarien aurrean entzungor jarraitzen duela salatu dute bai udaletatik, bai Eskolak Naturara! ekimenetik. Areago, batzuetan oztopo ere izan da administrazioa, eta eskolatik kanpo ateratzea debekatu die ikastetxeko irakasle eta ikasleei.
Panorama horretan, espazio irekietara eta berdeguneetara ateratzeko beren kabuz antolatzen hasiak dira Euskal Herriko hainbat eskolatan.