argia.eus
INPRIMATU
Egun bakarrean azken urtean Gazan hildako haur kopuru handiena eragin du Israelek
  • 500 palestinar hil ditu Israelek, horietatik 130 baino gehiago adin txikikoak, su etena apurtu eta bigarren egunean. “Hasiera baino ez” dela ohartarazi du Netanyahuk.

ARGIA @argia 2025eko martxoaren 19a
AP

Unicef erakundeak salatu du Israelen sarraskiak gaindituriko marka berria: “Gazako Zerrendatik iristen zaizkigun informazioa eta irudiak horroretik haratago doaz. Ehunka pertsona hil dira, horietatik 130 neska-mutil baino gehiago, alegia, egun bakarrean azken urtean izan den hildako haur kopuru handiena”.

Gazan laguntza humanitarioa sartzeko aukerak blokeatuta jarraitzen du, eta ondorioz, egoera are zailago bilakatzen du. Gainera, Israelek ura gatzgabetzeko planta eraikin nagusiko hornikuntza elektrikoa moztu du eta horrek ur edangarria gutxiagotu du.

Astearte goizeko sarraskiaren ostean ere, bonbardaketek jarraitu dute gauean: hamalau palestinar hil ditu Rafah-n eta Khan Younis-en, Zerrenda hegoaldean. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk adierazi du hasiera baino ez dela, eta bai su-etena berreskuratzeko bai gatibuak askatzeko egin beharreko negoziazioak “erasopean egingo” direla.

Astelehenean ere, su-etena apurtu zen lehenengo egunean, eraso masiboak egin zituen Israelek Gaza osoan.

ARGIAn kontatu dugunez, Netanyahuk Hamasi leporatu dio su eteneko akordioa luzatu ez izana eta Israelgo gatibuak adostutako baldintzetan askatu ez izana. "Hemendik aurrera, Israelek indar militarra areagotuko du Hamasen aurka egiteko". Al Jazeerak argitaratu duenez, Israelek Hamasi egotzi dion arren negoziaketetan egindako hainbat proposamen errefusatu dituela, Netanyahuk uko egin zion otsailaren 6an su eten akordioaren bigarren faseari buruzko negoziazioak hasteari.