Badira ia 70 egun ELB eta Lurzaindiak Arbonan salgai den etxalde bat okupatu zutela. Etxalde hori eta inguruko 15 hektarea lur saldu dizkiote 76 urte dituen eta Parisen bizi den emakume aberats bati 3,2 milioi euroan.
"Bi hilabete horien gau eta egunak bilkura, elgarretaratze, eztabaida, kontzertu, tailer eta animazio desberdinek osaturik iragan dira", diote ekintzaileek. "Okupazioari sustengua ekarri nahi dakoten oroer, laborari ala ez, idekia den BOST (Berroetako Okupazioaren Sustengu Taldea) izeneko kolektiboa sortu berri da. Sustengu taldeak laborantxa lurrak laborariendako izan ditezen, lurrak merkantzia hutsa baino gehiago hazkurri emaile izaitea lehentasuna izan dadin eta espekulaziotik babestua izan dadin aldarrikatzen du".
"Okupazioa hasi denetik, jende ainitz hurbildu zauku Arbonako saltze espekulatiboa bezalako saltze batzu badirela lurralde osoan salatzeko eta horrek argiki erakusten dauku Arbonako lur okupazioa mugimendu herrikoi zabal baten sinboloa bilakatu dela", azaldu dute. "Arbonako okupazioa ez da kasu isolatua, Iparraldeak egoera berdintsuak bizi ditu xoko guzietan".
Ekintza hau denen afera dela diote, eta biztanle guztien parte hartzea beharrezkoa dela. "Iparralde eta Hegoaldeko herrier parte hartzeko dei zabala luzatzen diegu". Irailean Berroetako lurren okupatze egutegi bat antolatu dute egunka eta herrika: Egun bat (eta gaua) = herri bat (edo herri multso bat). Herri bakoitzak 24 orduz okupazioaren ardura izango du.
Hilaren 18an, Lurraren besta
Irailaren 18an Lurzaindiaren Lurraren Besta egingo da Arbonako lurretan. "Lurra hazkurri emaile izan dadin eta lurra laborarien lan tresna denen esku egon dadin ereman den hiru hilabeteko borrokaz pundu baten egiteko parada izanen da", sustatzaileen hitzetan.
>>> Arbonako okupazioari buruz gehiago jakiteko, Jenofa Berhokoirigoinen erreportajea ARGIAn: Lurrak laborarientzat izaten segi dezan.