Lehenengo aldiz “euskararen aldarriak hedatzeko” azoka antolatu dute euskararen biziberritzean lan egiten duten zortzi elkartek. Euskararen egunean irekiko da azoka eta abenduko beste hiru egunetan ere egongo da zabalik.
Eguberriko merkatu “etiko eta solidarioa” izango da abenduaren 3an, 7an, 21ean eta 23an Lapurdiko hiriburuan. Euskararen egunarekin batera irekiko ditu ateak, 10:00etatik 18:00etara arte izango da produktuak erosteko aukera.
Bada, Biga Bai, Elkar, Euskal Konfederazioa, Hedabideak, Plazara, Euskaltzaleen Topagunea eta UEU elkarteek sortu dute ekimena.
Antolatzaileek iragarri dutenaren arabera Baionako Lisses kalean kokatuko den azokan katiluak, kuadroak, egutegiak, liburuak, arropa, jokoak, diskoak eta abar izango dira salgai. Erosketen bidez irabazitako dirua euskararen alde egunerokoan lan egiten duten hainbat elkartetara bideratuko da.