argia.eus
INPRIMATU
Eguberrietan hamar pertsona arteko bilkurak eta erkidegoen arteko mugikortasuna baimentzea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak
  • Abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1 eta 6an pertsonak biltzeko muga seitik hamarrera igotzea eskatuko du Jaurlaritzak, baita abenduaren 24an eta 31n etxeratze agindua 1:00 arte luzatzea ere. "Gabonetarako" herrien mugikortasuna ahalbidetzea ere proposatuko du, baina ez du zehaztu ospakizun egun zehatz horietarako izango den, edo aste osorako. Abenduaren 9an berrikusiko dituzte egun indarrean dauden neurriak.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 30a
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Miren Gotzone Sagardui, LABi Aholku Batzordearen bilera osteko prentsaurrekoan. Argazkia. Irekia.eus.

Azaroaren 30 arratsaldean egin dute Urkullu buru duen Babes Zibileko Planaren (LABi) Aholku Batzordearen bilera. Bilera osteko prentsaurrekoan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Miren Gotzone Sagarduik jakinarazi du asteazkeneko erkidegoen arteko bilerara proposamen bat eramango duela Eusko Jaurlaritzak.

Eguberrietan salbuespenak

Batetik, abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1 eta 6an pertsonak biltzeko muga seitik hamarrera igotzea proposatuko du Jaurlaritzak. Bestetik, abenduaren 24an eta 31n etxeratze agindua 01:00ak arte luzatzeko aukera planteatuko du. Herrien mugikortasun mugak kentzea ere proposatuko du, baina ez du zehaztu ospakizun egun horietan soilik edo aste osoan ahalbidetzea nahi duen. Neurri horiek estatu mailan adostu behar direla azaldu du sailburuak.

Gainontzeko neurriak eguberrietan indarrean mantentzearen aldekoa da Jaurlaritza Sagarduiren hitzetan, erkidego bakoitzak bere errealitatearen arabera moldaketak egiteko gaitasuna izanik. Besteak beste, komertzioari, azokei, zaharren egoitzei edo ostalaritzari begirakoak.

Abenduaren 9an berrikusiko dituzte neurriak

LABi batzordea abenduaren 9an bilduko da berriz, eta orduan erabakiko du egungo neurriak moldatu edo ez. Bitartean debeku eta mugak mantenduko dira kultur aretoentzako, kirol jarduerentzako, herrien arteko mugikortasunerako, ostalaritzarako edo etxeratze agindurako. Saltokiei begirako neurriak moldatuko direla aurreratu du, edonola ere: 150 metro koadro baino gehiagokoentzako gehienezko edukiera %60koa izango da; metro koadro gutxiagokoentzako, %75ekoa.

Hobekuntza bai, baina ez nahikoa

Sagarduik batzordeak egoeraz egin duen analisia laburbildu du: “Ongi goaz, baina ez gaude ongi. Egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du”. Kutsatze datuek hobera egin dutela azaldu du, baina ospitaletan eta ZIUetan oraindik ere herritar gehiegi dagoela ingresatuta.