Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.
Eguberrietan murrizketak izango dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun-sare publikoan. Osakidetzak aurreko astean aurkeztu zituen osasun-etxe, anbulatorio eta kontsultategietako ordutegi "bereziak", eta aurreko urteetan baino mugatuagoak dira aurten: 110 zentrotan izango dira murrizketak. Data hauetan ohikoa da, adibidez, arreta-guneak lehenago zarratzea: urte osoan zehar ateak 20:00etan ixten dituzten zentro ugaritan, 17:00etara aurreratu dute itxiera, eta normalki 17:00etan zarratzen dutenek, 15:00etan egingo dute. Beste gune batzuk guztiz itxi dituzte.
Gabonetan, udan bezala, osasun-zerbitzua murrizten du Osakidetzak, eta horiek justifikatzen ditu langileen oporraldiei eta eskarian ustez izaten den jaitsierari erreferentzia eginez. Joan den udan, adibidez, lehen-mailako arreta-zentroen %35 egon ziren itxita edo ordutegi murriztuekin. "Eguraldi ona" eta "arnas-aparatuko gaixotasunen presentzia murritza" argudiatu zituzten itxierak eta murrizketak justifikatzeko, baina hori ez da betetzen orain, negu bete-betean, eta berdin mugatu dute osasun-arreta. Langileek eta sindikatuek udan salatu zutenez, Osakidetzak urtean 180 egunez ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak, egutegi "bereziak" aitzakia modura hartuta.
Aurreko Gabonekin alderatuta, gainera, aurten zentro gehiagori eragiten diete neurri murriztaileek, eta goranzkoa da joera: 110 zentro itxi edo mugatu dituzte oraingoan, iaz 104 izan zirenean kaltetuak, 2022an 90, eta 2021ean 62. Hala ere, aurreko urtean ez zituzten hainbat zentro kontuan hartu zenbaketan, esaterako Arabako batzuk, eta ez zuten Eguberrietara arte itxaron murrizketak ezartzeko, abenduaren 1ean sartu baitziren indarrean mugetako batzuk. Aurreko Gabonetan, gainera, hamahi ordurainokoak izan ziren arreta-guneetako itxaronaldiak.
Eguberri hauetako egokitzapen-neurriak dira EAEko osasun-sareko zuzendaritza-talde berriak diseinatutako lehenengoak, Alberto Martinez Osasun sailburua eta Susana Lopez Osakidetzako zuzendari orokorra buru direla. Udako murrizketak ere haiek aplikatu zituzten, baina aurreko arduradunek antolatu zituzten.