argia.eus
INPRIMATU
Egoitzetako langileak, dekretu berriarekin, ardura eta lan karga handiagoa jasaten ari dira
  • Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen dekretu berriak egoitzetan lanean ari diren pertsonentzat egoera okertu duela salatu du Txomin Lasa ELAko arduradunak. Sindikatuek patronalekin hitzartutako planak instituzioek zaildu dituztela dio.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko azaroaren 04a

2019ko uztailaren 31n Jaurlaritzak dekretu berri bat aurkeztu zuen, egoitzetako langileen lan kargaren ingurukoa. Dekretu hark egoitza bakoitzean egon behar ziren langile kopurua eta lan orduen kopurua neurtzeko ratio berriak eta neurri berriak ezarri nahi zituen.

Ikasturtearen hasierarekin batera, irailaren 9an, dekretua aurrera eraman zuen Eusko Legebiltzarrak. EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen dekretuaren kontra, eta PP eta Elkarrekin Podemos talde parlamentarioen aldeko botoa lortu zuen. Gaur egun, mozioaren puntu zehatz batzuk berrikusten ari dira.

“Instituzio tratu txar” terminoa erabil daitekeela esan du Txomin Lasak, ELA sindikatuko arduradunak: “Ratioek, adibidez, 1998tik sinatuta zuten hitzarmenak eskaintzen ziena baino lan baldintza eskasagoa eskaintzen die langileei”. Berak azaldu duenaren arabera, dekretu hori Foru Aldundiek era desberdinetan aplikatu dezakete. “Gipuzkoako langileek, Bizkaikoek eta Arabakoek baino egoera hobea” dutela esan du, baina oraindik “hobetzeko”.

Gipuzkoako langileen greba

Hain zuzen, Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek azaroaren 11n ekingo diote 31 eguneko grebari. Lasak adierazi du ELAk indarrak greban jarriko dituela, eta “positibotzat” hartu du oposizioko talde parlamentarioek dekretuaren inguruan Legebiltzarrean “errieta” modukoa egin izana Jaurlaritzari.