argia.eus
INPRIMATU
Egoera zaurgarrian dauden pertsonen zorrak kobratzean malgutasuna eskatu dio Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari
  • Bizkaiko Foru Aldundiak hilabetean 15.978 euro ordaintzea eskatu dio emakumea bati. Kasua ezagutu ostean, Arartekoak Aldundiari eskatu dio Diru-Bilketa Erregelamendua moldatzeko, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek zorrari aurre egin ahal diezaioten.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 03a
Manuel Lezertua Arartekoa (Argazkia: ararteko.eus)

Arartekoarengana jo du, idatziz, Bizkaiko Foru Aldundiari 15.978 euro zor dizkion emakumeak. Bere kasua azaldu dio: 2017an kaleratu egin zuten eta jasotako kalte-ordainarekin negozio bat jarri zuen martxan, porrot egin zuena. 2018an Bizkaiko Ogasunak 2017ko jardunaren likidazio proposamena aurkeztu zion, 21.000 euro ordaindu beharrean jarri zuena. Emakumeak, zor horri aurre egiteko zailtasunak zituela ikusirik, zorraren zatikatzea eskatu zuen eta onartu egin zitzaion; aurrerakoan 500 euro ordaindu beharko zituen hilero. Kaltetuak ordainketa horiei eutsi zien 2019ko azarora arte, baina hortik aurrerakoan ezin izan zion aurre egin ordainketari. Testuinguru horretan, Ogasunak ordaintzear zituen 15.978 euroak hilabeteko epean ordaintzea exijitu zion.

Egoera horren aurrean emakumeak Arartekoari bere kasuaren berri eman dio. Arartekoaren aburuz, kaltetutako familiaren zaurgarritasun egoerak ez du ahalbidetzen zor horri aurre egin ahal izatea, egoera horri egokitzen zaion zorraren zatikatzearekin ez bada. Hala bada, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio Diru-Bilketa Erregelamendua moldatzeko, zaurgarritasun egoeran daudenek duintasunez aurre egin ahal diezaieten zorrei.