3.389 zenbakidun ertzainak Iñigo Cabacasen hilketagatiko epaiketan deklaratu du "Ugarteko" ezizenez ezagun den ertzain-burua izan zela 2012ko apirilaren 5ean operatiboan nola jokatu agindu zuena. Aurrez lekuko modura agertuta zegoen 3.389 zenbakiduna epaiketan, baina Cabacasen familiaren eskariz ikertu (inputatu) modura deklaratu du oraingoan. Gogoan hartu behar da Ugarteko ez dagoela inputatuta.
3.389 zenbakidun ertzaina da, hain zuzen, gau hartan "egoera kontrolatuta" zegoela irratiz esan zuena. Hala ere, Ugartekok indar osoz Indautxuko Herriko taberna dagoen kalexkan sartzeko agindua eman zuela adierazi du, bestela ere publiko egin diren grabazioei esker jakina denez. 3.389ren esanetan, Ugartekok egindako presioagatik sartu ziren ertzainak kalexkan.
"Kontrolatuta" hitzaren esanahia zehaztu nahi izan zuen ertzainak bere deklarazioan. Haren esanetan, kontrolatutako egoera batean ertzainak ez daude arriskuan, baina okerrera egin dezake Ugartekok agindutakoa bezalako neurriak hartuz gero. Gau hartan aginduak irratiz eman zituena Ugarteko izan arren haren gainetik beste ertzain-buru bat zegoela gaineratu du 3.389 zenbakidun azpiofizialak.
Gara-k dakarrenez, tentsioa izan da nagusi deklarazioan zehar, eta ertzainari galderak egin dizkieten batzuek, Ana Torres epailea barne, oso jarrera oldarkorra agertu dute harenganako. Izan ere, aurrez beste ertzain batzuen kritika ugari jaso ditu 3.389 ertzainak Cabacasen hilketaren gauean izandako jarreragatik. Besteak beste, Ugarteko bera haren aurka mintzatu zen 2015eko ekainean lekuko gisa egindako deklarazioan, bere egitekoak betetzen ez zituela leporatuz. Gara-ren arabera, beste bertsio batzuek diote 3.389 dela Ertzaintzak Cabacas auzian bere burua zuritzeko eraikitako kontakizuna sostengatzeari uko egin dion ertzain bakarretakoa, eta horrek asko jarri dituela bere kontra.