argia.eus
INPRIMATU
Egoera kezkagarria dela adierazi du Urkulluk, baina ez dituzte neurriak gogortuko
  • Labiren batzorde teknikoak bilera izan du astearte goizean, EAEko egoera epidemiologikoa aztertzeko. Bileraren ostean, egoerak “kezkagarria izaten” jarraitzen duela adierazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta neurriek bere horretan segituko dutela. Indarrean dauden neurriak betetzeko eskatu du.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 13a
Argazkia: irekia.eus

Urkulluren esanetan, indarrean dauden neurriak betetzea da “murrizketa berriak saihesteko biderik eraginkorrena”. Hurrengo asteko ostegunean bilduko da berriz ere Labi.

Kutsatuen kopurua, goraka

Gotzone Sagardui Osasun sailburua ere izan da bileran. Sailburuak onartu du egoera “oso kezkagarria” dela, COVID-19az kutsatutakoen kopuruak gora egiten jarraitzen duelako eta ospitaleetako presioa gero eta handiagoa delako EAEn.

Nola doa txertaketa?

Osasun sailburuaren hitzetan, txertoaren 558.098 dosi eman dituzte: EAEko biztanleen ia %18,75ek (412.658 pertsona) gutxienez lehenengo dosia jaso dute, eta %6,69k (147.219 pertsona) bi dosiak. “Kontua da txertoak eskuragarri egotea. Halakorik badago, administratzen jarraituko dugu ", adierazi du.

EAEra astelehenetik asteazkenera bitartean iristen ari diren Pfizer, Astrazeneca eta Jansenen dosiekin arrisku handiko pertsonak txertatzen jarraituko dela azaldu du. Alegia: transplantatutako pertsonak edo transplantatuak izateko itxaron-zerrendan daudenak; giltzurrun-tratamendua duten pertsonak, hemodialisia edo peritoneo-dialisia izan; minbizia duten herritarrak; immunoeskasia primarioak (GIB) dituzten pertsonak; down sindromea duten 40 urteko eta gehiagoko pertsonak.