argia.eus
INPRIMATU
Egoera ez bada okertzen, hirugarren fasera pasako da Hego Euskal Herria ekainaren 8an
  • Hirugarren fasera pasatzeak berritasun garrantzitsu bat bideratuko du: erkidegoek kudeatu ahal izango dituzte konfinamendua arintzeko neurriak.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 02a

Pausoz pauso alarma sanitario egoeratik ateratzen ari da Euskal Herria eta egoera okertzen ez bada, ekainaren 8an emanen da urrats berria, hirugarren fasera pasaz EAE zein Nafarroa. Alarma egoeratik ateratzeko azken pausoa izanen da datorren astekoa eta beste koska bat malgutuko dira alarma egoerak beharturiko zenbait neurri.

Hori horrela, erkidegoek kudeatu ahal izango dituzte konfinamendua arintzeko neurriak. Horren berri eman zuen maiatzaren 31an Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erkidegoetako presidenteei.

Joan-etorriei dagokienez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko zirkulazioa baimentzeko eskumena izango du Iñigo Urkulluk ekainaren 8tik goiti. Edozein modutan, Hego Euskal Herri osoan zirkulatzeko aukera ere egon liteke. Bestalde, ordutegien mugak kenduko dituzte guztientzat hirugarren fase horretan. Haur eta gazteentzako jarduerak baimenduko dituzte ere hirugarren fasean, bai aire zabalean eta bai leku itxietan, baina egunean hasi eta bukatzen badira. Aldaketak egonen dira tabernen eta jatetxeen edukieran ere: lekuaren erdia bete ahalko da gehienez, eta terrazen %75. Gauez irekitzen diren tabernek eta diskotekek haatik itxita segituko dute. Saltoki guztiek ateak zabaldu ahal izango dituzte, haien tamaina edozein dela ere, baina beti ere edukierari dagokionez muga batzuk errespetatuz.