argia.eus
INPRIMATU
Egitarau oparoaz dator Feministon Herria
Amaia Lekunberri Ansola 2018ko urriaren 16a

Urriaren 22tik 28ra bitartean eta ‘Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara!’ lema aldarri, Bilbon hartuko du tokia Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketak. Bi urtean behin egiten diren topaketetarako astebete eskasen faltan, egitarauaren gaineko zehaztapenak publiko egin dituzte MICE taldeak Feministon Herria egunerako egindako “Bizia Arnas” kantuak ireki duen prentsaurrekoan.

Topaketetan 42 herrialdetatik etorritako emakumeek parte-hartuko dute, eta hilaren 22tik 26ra nazioarteko delegaritzetako ordezkarien arteko bilera itxiak egingo dira. Halabaina, Euskal Herriko mugimendu feministarentzat aste osoko egitarau paraleloa osatu dute: aste osoan zehar mahainguruak, kontzertuak, Bilboko itsasadarretik zehar ibilaldi historiko feminista, Arratiako eskualdera txangoa, eta beste hainbeste ekintza egingo dira. Egitarau horretatik, bi ekimen azpimarratu dituzte antolatzaileek: bata, urriaren 22an nazioartetik etorriko diren emakumeei Bizkaia Aretoan egingo zaien Harrera Ekitaldia, 18:00etan hasiko dena; eta bestea, urriaren 27an egingo den Feministon Herria.

Feministon Herria

Bilboko Areatza Feministon Herria bilakatuko dute urriaren 27ko egunez, eta egitarauak larunbat osoa hartuko du. Feministon Herriarekin, Euskal Herriko mugimendu feministak martxan dituen alternatibak bistarazi nahi dituzte. “Nolako herri feminista nahi dugun erakutsiko diogu munduari”, adierazi dute antolatzaileek.

Goizeko 10:00etan egingo den gosari feministak emango dio hasiera egunari, eta jarraian “Feministon bakea eraikitzen” mahainguruak hartuko du tokia, antolatzaileek adierazi dutenez gaiaren bueltan galdera asko baitituzte erantzuteko. “Gogoratu aurten beren bizi proiektua Euskal Herrian zuten sei emakume erail dituela indarkeria matxistak. Hori al da bakea?”, mahai gaineratu dute galdera. “Alternatiba Feministen Azoka” ere egongo da goiz osoan zehar, eta martxan dauden proiektu feminista askotarikoek hartuko dute tokia bertan, “Euskal Herri feministara bidean bizitzako hainbat arlotan eraldaketa lanetan ari direnak”.

Mahainguruaren ostean emakumeon bazkaria egingo da, eta 17:30etan manifestazioa abiatuko da Arriagatik, topaketen lema berberarekin. Egunari amaiera emateko MICE, Sustraians, Ni Yuta Ni Tuya eta Gora Etorri taldeek zuzenekoak eskainiko dituzte.

Astebetez munduko txoko ezberdinetako ordezkariei harrera egiteko sobera motibazio eta indar erakutsi dute Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kideek:  “Gogotsu eta pozik gaude nazioarteko emakumeei harrera egin eta Euskal Herrian egiten ari garen lana erakusteko, hemen ere martxan jarraitzen dugulako, eta hala jarraituko dugulako denok aske izan arte”.