argia.eus
INPRIMATU
Gernikako bonbardaketak 86 urte
Egitarau alternatiboa bonbardaketaren harira, fokuetatik kanpo
  • Sarraskiaren urteurrenaren bezperan, apirilaren 25ean, Igor Meltxor kazetariak 'Cabacas' liburua aurkeztuko du Astran. Elai Txiki aretoan, bestalde, Iñaki Berazadi kazetariak hautatu dituen Gerra Zibileko irudien erakusketa ikusgai dago.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko apirilaren 25

Gernikako eragileek makina bat ekitaldi antolatu dituzte urtemugaren aurreko egunetan. Besteak beste, "Gernika kultura-ondare gisa: adierazpen eta legegintza" izenburupean, Hegoa Ibazeta Artearen Historian lizentziaturadunak hitzaldia eskaini zuen; mahai inguru bat ere bai, Edorta Jimenez, Felicitas Lorenzo eta Iñaki Sagarnak osatuta, "Marta, Hemingway eta Gernika" titulupean; eta besteren bat aipatzearren, Sarek antolatutakoa: "Emakumearen gatazka erradiografia bat".

Bi erakusketa ere badira, gutxienez: bata, Kultur Etxean, maiatzaren 16a bitartean, "Azken Bidaia" izenekoa, Maitane Azurmendi artistarena; eta bestea, Elai Txiki aretoan, Iñaki Berazadi kazetariak hautatu dituen Gerra Zibileko irudien erakusketa, "Gerra Zibila hobeto ulertzeko irudiak Euskadin" izenburupean. Azurmendiren lanak Picassoren "Guernica" artelana Euskal Herrira ekartzeko eskatzen du, besteak beste.

Fokuak, Espainiara begira

Aurtengo berrikuntza nagusia, berrikuntzarik badago, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan egongo da. Iazko jarrera ere izan zen berezia –inoiz ez bezala, Estatu Idazkaria bidali zuten–, horren aurretik kasik presentziarik ez zuelako Espainiako Gobernuak Gernikako sarraskiaren urtemuga ekitaldietan. Bada, aurtengoan, historian lehenbiziko aldiz, ministro bat egongo da omenaldian. Felix Bolaños izango da, Gobernuaren Presidentetzarako ministroa.

Bi motibo egon daitezke ordezkaritza maila igotzearen atzean: bata, udal eta foru hauteskundeetarako hilabete eskas geratzen dela –maiatzaren 28an izango dira–; eta, bestea, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak iazko apirilean Espainiari bidalitako mezua Gernikako sarraskiaren harira. Hainbat parlamentu bisitatu zituen Zelenskik, Ukrainarentzat babesa eskatzeko. Espainiako Parlamentuan hauxe esan zuen Ekialdeko Gerrari erreferentzia eginez: "Badirudi 1937ko Gernikan gaudela".