argia.eus
INPRIMATU
Egiptoko segurtasun indarrek Morsiren aldeko manifestarien kanpalekuak bortizki desegin dituzte
  • Egiptoko segurtasun indarrek Mohamed Morsi presidente kargugabetuaren aldeko kanpaldiak desegin dituzte indarrez Kairon. Hainbat aste zeramatzaten Morsiren aldekoek militarren estatu kolpearen aurka protestatzen.

ARGIA @argia 2013ko abuztuaren 14a
Morsiren aldeko kanpaldietako bat, goizean indarrez desegina.

Hainbat berri agentziaren arabera, pertsona ugari hil ditu Egiptoko poliziak. 17 lagun hil dituztela zabaldu dute aipatutako iturriek, Morsiren alderdiak, Anaia Musulmanek, zifra altuagoa eman dute, 200 pertsona hil dituztela diote eta milaka zauritu daudela. Egiptoko telebista publikoak informatu duenez, segurtasun indarretako bi kide ere hil dira.

Gas negar eragileak eta eskopetak erabiltzen ari dira Egiptoko seguratsun indarrak Russia Today hedabideak jakinarazi duenez.

Kazetariei ohartarazi zaie Morsiren aldeko kanpaldiak zeuden bi lekuetara ez sartzeko eta Egiptoko garraio ministroak tren zirkulazio eten du bi gune horietara manifestari gehiago joan ez daitezen. Hainbat kazetarik Twitter bidez adierazi dutenez, euren lana galarazten ari dira. Mohamed Soltanek gertakarien erdigunetik informatu duenez, telebistako kameralari bat tirokatu dute.

Zuzenean kontatzen ari da gertatzen ari dena Egiptoko OnTVLive katea.