argia.eus
INPRIMATU
Egiptok Hisham Abdel Aziz Al Jazeerako kazetaria askatu du lau urtez espetxean eduki ostean
  • 2019an atxilotu zuten, talde terrorista bateko kide izatea egotzita. Telebista kate bereko beste bi kazetari oraindik Egipton daude espetxeratuta.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 05
Abdel Aziz oporretan joana zen Egiptora, aireportuan atxilotu zutenean. Telebista kate arabiarreko kazetari gehiago ere atxilotu zituzten modu berean.

Egiptok aske utzi du Hisham Abdel Aziz Al Jazeerako kazetaria, lau urtez espetxean izan ondoren. 2019an atxilotu zuten, talde terrorista bateko kide izatea egotzita, familiak Kazetariak Babesteko Batzordeari adierazi zionez. Telebista kate arabiarreko kazetari gehiago ere atxilotu zituzten modu berean.

Abdel Aziz oporretan joana zen Egiptora, aireportuan atxilotu zutenean. Kate bereko beste bi kazetari, Bahaa Eldin Ibrahim eta Rabie el-Sheikh, 2020an eta 2021ean atxilotuak, Egipton espetxeratuta daude oraindik.

2019ko uztailean Mohammed Morsi orduko presidente islamista boteretik kendu zuten militarrek. Hainbat taldek diotenez, ordutik milaka pertsona atxilotu dituzte, askori Anaia Musulmanen taldeko kide izatea leporatuta. Egiptok talde islamista babestea leporatu izan dio Al Jazeerari.

Prentsa askatasunaren urraketa

Mugarik Gabeko Erreportariak taldearen arabera, gaur egun Egipton 22 kazetari dituzte kartzeletan. Prentsa askatasuna lurraldeka neurtzen duen zerrenda baten arabera, 180 herrialdetatik 168. postuan dago.