argia.eus
INPRIMATU
“Faxismoa bizi dugu Egipton; giza eskubideak etengabe urratzen dira”
Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko urriaren 28a
Mohamed Zaraa Kairoko Giza Eskubideen Institutuko kidearen hitzetan, 2011ko otsailaz geroztik egoerak berdinean jarraitzen du. (Argazkia: Washington Post)

Javier Barredak egin dio elkarrizketa Giza Eskubideen Institutuko kideari. 2011ko otsailetik –Hosni Mubarak diktadorea bota zutenetik–  herrialdeak sufritu dituen gertaera latz ugari zerrendatu ditu kronologikoki Zaraak, egoerak berdinean jarraitzen duela erakusteko. 2013ko uztailaren 3az geroztik ere –kolpe militarrak Mohamed Mursi bota zuenetik– giza eskubideak etenik gabe urratzen direla esan du.

Zaraaren adierazpen esanguratsuenak jarraian:

"2011ko otsailaz geroztik, bereziki herritar korrontea dei dezakegunak sufritzen zuen jazarpena, baita liberalek, sekularistek eta giza eskubideen aldeko erakundeek ere. Anaia Musulmanek aliantza osatzen zuten Indar Armatuen Kontseilu Gorenarekin, eta ez zuten aurka egin. Alderantziz. 2011ko azaroan, adibidez, hiru egunetako protestaldietan  45 lagun hil zirenean, Anaia Musulmanek pentsatzen zuten prozesu demokratikoa oztopatzea xede zuen konspirazio baten fruitu zirela mobilizazio horiek, eta manifestaziorik ez zela egin behar. Esan dezakegu gertaera horien konplize izan zirela Anaia Musulmanak, haien isiltasunarekin behintzat".

"2012ko urtarrilean, parlamenturako hauteskundeen ostean, gazte talde batzuek boterea Parlamentuak hartzea eskatu eta eraikineko ateraino manifestazio sinbolikoa egin zuten. Bada, Anaia Musulmanek eta euren aliatuek aurre egin zieten, beraiek ziren arren Parlamentua kontrolatzen zutenak. Anaien jarraitzaileek gazteak jipoitu zituzten; botere exekutiboa eman nahi zietenak jo zituzten".

"2012ko uztailean, Mursik boterea hartu zuenean, Anaia Musulmanak hasi ziren biolentzia erabili eta giza eskubideak urratzen. Armada eta polizia guztiz kontrolatzen ez zituztenez, ez zeukaten Estatu aparatua erabiltzerik oposizioa zapaltzeko, eta zuzenean beraiek egitea erabaki zuten, jarraitzaile eta aliatuen bitartez. 2012ko abenduan, Ittihadiyya jauregiko protestaldietan 10 lagun hil zituzten, Anaietako eta euren alderdiko –Askatasunaren eta Justiziaren Alderdiko– goi karguek hauspotuta.

"Mursiren mandatupean, Estatuak ere urratu zituen giza eskubideak. 2013ko urtarrilaren 26an poliziak 41 lagun hil zituen tiroz Port Said-en. Mursi presidenteak Barne Ministerioa txalotu zuen, eta segurtasun ezaren kontra borrokan jarraitzeko eskatu. Ministroa gaur egungo bera zen: Mohamed Ibrahim. Estatuko instituzio bakar batek ere ez zuen haren jokabidea zalantzan jarri".

"Karguan jarraitzen du ministro ahula delako, aginduko dioten edozer egingo duelako. Horregatik hautatu zuen Mursik, eta horregatik hautatu dute militarrek. Aurreko ministroa ere, Ahmad Gamal Eddin, krudela zen, baina ez zuen Anaia Musulmanek eskatzen zioten guztia egiten, ministerioaren interesak babestu nahi zituelako guztiaren gainetik".

"Port Said-ekoaren ostean ez zen ikerketarik egin, ez zen erantzukizunik eskatu, ez zen ezer gertatu. Anaia Musulmanak Mubarak bezalakoak izan ziren, Indar Armatuen Kontseilu gorena bezalakoak, eta gaur egungo Indar Armatuen buru Abdel Fatah al-Sisi bezalakoak. Korronte faxistak dira guztiak. Anaia Musulmanak ez dira indar demokratikoa".

"2013ko uztailaren 3tik aurrera, sarri urratu dira giza eskubideak. Uztailaren 8an 52 manifestari hil zituzten tiroz Kairon, Errepublikoako Goardiaren kuartelen atarian –hasiera batean han zegoen atxilotua Mursi–. Manifestazioa disolbatu nahi bazuten, aurrez bestelako bitartekoak erabili behar zituzten, zuzenean tiroka hasi beharrean. Hiru aste geroago, 80 lagun baino gehiago hil zituzten. Poliziak hil zituen batzuk, eta kalez jantzitako herritarrek besteak".

"Lazgarriagoak izan ziren ondorengo gertaerak, Rabia Al-Adawiyya eta Al-Nahda plazako elkarretaratzeak disolbatu zituztenekoak. Hazem Biblawi lehen ministroak esan zuen 1.000 lagun inguru hil zirela; giza eskubideen aldeko zeinbat erakunderen hitzetan 1.600 inguru izan daitezke. Barne ministroak, Mursiren mandatupean ere karguan zegoenak, esan zuen 10 arma aurkitu zituztela elkarretaratzea egin zen lekuan, eta han zeuden batzuek tiro egin zutela. Hortik elkarretaratze biolentoa zela eta gehienek armak zituztela esatea... Horrez gain, arma horiek elkarretaratzera nola sartu ziren jakitea ere interesgarria litzateke".

"Esan beharra dago ondorengo egunetan elizak erre zituztela islamista taldeek, haien agintariek parte hartu ez zuten arren".

“Poliziak torturatu egiten du orain ere”

"Poliziak berdin jarraitzen du, torturak daude… Poliziak ez du inor babesten. Eliza bat erretzen badute, ez da hara joaten, beranduegi heltzen da… Ez da ezer aldatu. Horretarako, aldaketa nahi eta horretan sinesten duen jendea egon beharko litzateke. Baina jende horrek ez du gobernatzeko nahikoa indar politikorik, ez dagoelako antolaturik, edo barne gatazketan murgiltzen delako, edo armadarekin aliatzen delako, edo anaia Musulmanekin, demokraziatik urrutien dauden taldeekin, alegia".

“Ez naiz Al Jazeeraz fio”

"Ez dut konfiantzarik Al-Jazeerak emititzen duen horretan, CBC edo ONTV kateetan konfiantzarik ez dudan moduan. [Kate pribatuak dira bi horiek, kolpe militarraren aldekoak]. Al Jazeera guztiz alienaturik dago".