Egiptok Camp David-eko akordioa haustearekin mehatxatu du Israel, Rafah-ko operazioarekin aurrera egiten badu. Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu dio agindu dezala Israel Rafah-tik ateratzeko.
Aurretik Kolonbia, Turkia eta Nikaraguak egin bezala, Egipto eta Libiak ere eskaera egin dute Nazioarteko Justizia Auzitegian Israelen aurkako genozidio salaketarekin bat egiteko. Bereziki esanguratsua da Israelen mugakidea den Egiptoren kasua. Alde batetik, 1979tik bake akordioa duelako sinatua estatu sionistarekin eta, bestetik, bitartekari garrantzitsua izan delako azken hilabeteetan Hamas eta sionisten arteko su-eten negoziaketetan.
Egipto izan zen Israelgo Estatua aitortu zuen lehen herrialde arabiarra, Camp Davideko akordioetan. Alon Liel Israelgo Atzerri Ministerioko zuzendari ohiak Al Jazeerari esan dio hitzarmen hura izan zela euskarria eta abiapuntua Israelek ondoren normalizatu dituen harreman guztietarako, izan Jordaniarekin, Arabiar Emirerri Batuekin edo Marokorekin, besteak beste. Horregatik, Liel diplomazialari ohiak adierazi duenez, Egiptoren erabakia Israelentzat “kolpe sinestezina” izan da.
Egipto da Gazarekin muga daukan herrialde bakarra, estatu sionistaz gain. Bereziki garrantzitsua izan da Gaza eta Egipto arteko igarobidea, bertatik sartu delako Israelek pasatzen utzi duen laguntza humanitario urria. Baina sionistek mugako igarobidearen kontrol operatiboa hartu izanak gehiago tenkatu du Israel eta Egiptoren arteko harremana, aspalditik zituzten hitzarmenak eta nazioarteko akordioak urratu baititu Israelek ekintza horrekin. Egiptoko Gobernuak Camp Davideko hitzarmena bertan behera uzteko mehatxua ere egin du azken astean, sionistek Rafah-ko sarraskia eteten ez badute eta ez badituzte su-eten negoziaketak “arduraz berrartzen”.
Hegoafrikak premiazko eskaera egin dio Nazioarteko Justizia Auzitegiari, behin-behineko neurri gehigarriak hartu ditzan Israelen aurka, martxan dagoen genozidio salaketaren barruan. Auzitegiak sionistei Rafah-tik erretiratzeko agindu diezaien nahi du Hegoafrikak, azken erasoen harira aurkeztu duen eskaeran. Epaiketa abiatu zenean NJAk uko egin zion agindu hori emateari, eta Israeli soilik eskatu zion saihestu zezala genozidioaren aurkako hitzarmenean sartu zitekeen edozein ekintza egitea. Orain, auzitegiak ebatzi beharko du ea behin-behinean Rafah-tik ateratzeko agintzen dion estatu sionistari.