argia.eus
INPRIMATU
Egindako lana eta ibilbidea ospatuta amaitu da Gazte Sozialisten Topagunea
  • Amaitu da Gazte Sozialisten Topagunea. Ikasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak Euskal Herri osoko ehunka militante batu dituzte bost egunez Azpeitian, "bizitza politikoa sustatzeko" eta "langile kultura hauspotzeko" asmoz. Krisiaren Seme-Alabak taldeak eta Azpeitiko Gaztetxeak eskertu dute "urteetako lana eskatuko lukeena" egun gutxitan elkarlanean aurreratu izana, Topagunean egindako lanari esker. Azpiegitura-lanak aurreratzeko zein komunitatea indartzeko baliagarri izan diren saioek utzi dute zer ospatua.

Gedar @GedarLangileKZ 2019ko ekainaren 18a
San Agustin Kulturgunea larunbat gauean
 

Iragan asteazkenean eman zioten hasiera Azpeitian (Gipuzkoa) Gazte Sozialisten Topaguneari. Ikasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak elkarlanean aurkeztu zuten ekimena pasa den apirilean, Azpeitiko Esklabak eraikinean. Hala, ehunka gazte izan dira bertan egunotan, “prozesu sozialistari bultzada emateko, komunitate politikoa indartzeko eta langile kultura hedatzeko”.

GKSk eta IAk "apustu" sendoa egin dute Topagunearen bitartez: lan egunak ardatz izatea. Beraz, auzolanak izan dira nagusi Azpeitian, eta alorrez alor, lanean aritu dira Euskal Herriko hamaika txokotako gazteak. Azpeitiko hainbat proiekturi bultzada eman diote horrela. Besteak beste, azpiegitura-lanak egin dituzte pasa den azaroan Azpeitiko Gaztetxeko kideek birjabetu zuten Esklabak eraikinean; esaterako, argi indar zein ur horniketan egokitzapenak egin dituzte. Era berean, gaztetxean bigarren solairu bat eraiki dute, eta gazte asanbladak Loiola inguruetan dituen lursailetan ere aritu dira lanean.

Behin lan saioak amaituta, formakuntza politikorako tartea ere izan da Topagunean. Azpeitiko Soreasu antzokia leporaino bete da egunotan "Prozesu Sozialistaz", "Euskal Herriko ziklo politiko berriaz" edota "gazte antolakundeaz" mintzatzeko antolatutako hitzaldietan. Larunbatean, ekitaldi politikoa ere egin zuten San Agustin Kulturgunean. Bestalde, iluntzean hasita, kontzertuak ere izan ziren San Agustinen.

Igande goizean, desmuntaketa lanak eginda, euren herrietara itzuli ziren Euskal Herri osotik Azpeitiara mugitu ziren gazteak. Luze iraungo du, baina, Azpeitian euren lanak eta grinak utzi duen aztarnak.

Argazki galeria osatua, hemen.