Lehenengo txandan Donostiako Egia auzoko 18 talde inguruk probatuko dute zer den goizetik gauera euskaraz aritzea. Ondoren, egiatar norbanakoek astebete izango dute proba bera egiteko.
Urtarrilaren 8tik otsailaren 26ra taldeak arituko dira eta otsailaren 26tik martxoaren 4ra norbanakoak. Martxoaren 12an Egia Euskaraz Eguna ospatuko dute eta emaitzak partekatuko dituzte.
Egia Euskaraz Batzordea da ekimenaren bultzatzaile, eta haien ustez, ekimenaren nolakotasunaren “errudun” Lutxo Egia da. Bilbotar idazleak hilabete osoa igaro zuen euskaraz soilik hitz egiten eta Berria egunkarian egunero hausnarketak idatzi zituen.
Egiatarrek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dute urtero, baita bi urtez behin (Korrika ez denean) Egia Euskaraz Eguna ere. Haratago joan nahi zuen ordea Egia Euskaraz Batzordeak. Hala, zazpi astez txandaka eragileak (auzoko talde eta elkarteak) jo eta su euskaraz arituko dira, harik eta komunikazioa oztopatu arte. Dendaria izan daiteke, senidea edo dantza taldekoa, euskaraz egiten ez duena baina dena ulertzen duena. Hala ere, halakoetan gaztelaniaz egiteko joera dago. Astebete horretan halako inertziak apurtzeko aukera asko izango dira. Euskaraz ez dutela ulertzen diotenak ere parean izango dira. Haiek motibatzea ederra litzatekeela uste dute Batzordekoek. Ez jakin auzotarrek, dendariek eta bestelakoek zein jarrera hartuko duten astebetez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu duten horien aurrean.
Argian abendu hasieran argitaratutako erreportajea eta ekimenean parte hartzekoa den Marixol Agirre Begiristaini egindako elkarrizketa irakur ditzakezu lotura honetan.