argia.eus
INPRIMATU
Egiako Porrontxo jaietan udaltzainek egindako eraso bat salatu dute
  • Ostegunetik ostiralerako gauean, koadrillen igoeraren ostean, udaltzain batzuek arrazoirik gabe eraso egin ziotela salatu du Donostiako auzoko mutil gazte batek.

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 19a
Auzotarrek asteazken arratsaldean egindako elkarretaratzea. Argazkia: Ekhiñe Atorrasagasti.

Elkarretaratzea egin dute asteazken arratsaldean Egiako (Donostia) Plaza Handian, ostegunetik ostiralera jazotako erasoa salatzeko. Porrontxo jaietako koadrillen batzarrak deitu du elkarretaratzea, eta beste hainbat eragile deialdira gehitu dira, Egiako Neska* Gazteak eta Egiako Gazte Asanblada tarteko.

Salatu dutenaren arabera, udaltzainek gazte bat identifikatu eta miatu zuten jaigunetik irten zela ikusita. Identifikazioa eta miaketa “aurrez inolako arrazoirik” eman gabe egin zutela esan dute, eta udaltzainek jarrera “oso erasokorra” izan zutela gehitu dute: “Erabat zapuztua geratu zen”, diote.

Jaietan eraso sexisten aurkako protokoloa aktibatzeaz arduratu den Brigada Feministarengana joan ziren, eta hauek lagundu egin zuten, nahiz eta, haien esanetan, ez zen eraso sexista izan. Elkarretaratzea deitu dutenen arabera poliziek gazte baten aurka egindako “eraso garbia” da hau, eta gertakaria salatzeko eta gazteari elkartasuna adierazteko bildu dira.

“Gure babes osoa helarazi nahi diogu erasoa jasan duen gazteari, eta ozen aldarrikatu nahi dugu ez dugula poliziaren jazarpenik onartuko, ez gure auzoan, ez inon”, esanez amaitu dute hitza hartu dutenek.