argia.eus
INPRIMATU
Egia nola akabatu

Mikel Aramendi 2024ko otsailaren 06a
The Guardianek plazaratutako argazkia, CNNri buruzko albistea ilustratzeko / Argazkia: John Arthur Brown. Zuma Press via Alamy

Garela deritzogunak bagina, eskandaluaren irakinean egon behar genuke oraintxe bertan. Baina orduek aurrera egin ahala, apenas txintik ere entzuten den: oihartzun apalena baino ez da agertzen interneten –pentsa, kopiatu eta itsatsiaren garai hauetan!–. Eta jatorrizko albistea, bere bakardadean, gero eta beherago dago hura argitara eman duen hedabidearen lehen orrialde kilometrikoan.

Hala ere, derrigorrezko irakurgaia izan behar luke informazioaren lanbidearekin zerikusia dugunontzat. Baita berrien kontsumitzale arduratsu samarra denarentzat ere...

Igande arratsaldez, futbolarekin asetzen ez denik ere badela ebatzita edo, eman zuen argitara The Guardianek: «CNN staff say network’s pro-Israel slant amounts to ‘journalistic malpractice’». Titularra ez da kazetaritza-eskoletan gogoraraziko denetakoa, eufemismoen irakaspenerako ez bada. McGreal kazetariak ere hanka-puntetan idazten duela esan liteke; ez da harritzekoa: etxekonekoen simaurra sardekatu behar duenak, gogoan izango du etxeko kortan duena. Izan ere, alde handia ote dago CNNk eta beste hedabide mendebaldar ospetsu batzuek –The Guardianek, demagun– Gazako sarraskiari eman dioten trataeran?

Horixe baita 4.500 hitzeko kontakizun luzearen mamia: CNNko kazetari eta langileek, barnetik kontatuta, albiste-katearen eguneroko jardueran “Israelen aldeko alborapen” larregia edukitzera eraman omen dituen neurri, agindu, gomendio eta debekuen ilara. Profesional batzuek gogotik eta deliberatuki ontzat eman bide dutena. Jake Tapper, Anderson Cooper, Sara Sidner, Hadas Gold, Tim Langmaid... CNNko aurpegi ezagunen eta arduradun gorenetako hainbat agertzen dira “alborapen” horren lekukotasun argiak eskaintzen.

Eta guztien gainetik, Mark Thompson, editore nagusia eta zuzendari betearazlea, aurretiaz BBCn hala moduzko aztarnak utzi zituena... Eta kasualitatez edo, urriaren 7kotik bi egunera ardura goren horretarako izendatu zutena.

Itxura guztien arabera, datuak eta azalpenak beste hedabide bati –susmagarria dela esan ezingo denari– filtratzea baino aterabide duinagorik aurkitu ez duten kazetari eta langile batzuk leudeke ifrentzuan.

Emaitza: hedabide ospetsu bat gerra-propaganda hitserako tresna nola bihurtu den da kontakizuna. Edo esamoldea eguneratu nahi baduzu: gerra kognitiborako tresna.

Gerra batean, lehen hildakoa egia izaten dela dio aburu zaharrak. Baina gutxitan aurkitzen da hain zehatz kontatuta nola akabatzen duten egia haren zerbitzari izan behar luketenek. Bada beste egia akabatzeko modu bat, eta gogotik ikusi dugu hura ere Gazan: 120 kazetari eta hedabideetako langile baino gehiago hil dituzte jada Gazan lau hilabete hauetan.

Gerra kognitiboa ere ez delako odolik gabea.