argia.eus
INPRIMATU
Egeoan ez dela eskubiderik urratu dio Frontexek, legez kanpo itzuleren konplizetzat jotako agentziak
  • Iaz, hainbat hedabideak salatu zuten Egeo itsasoan migratzaileak legez kanpo itzularazten ari zirela, eta Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentzia (Frontex) horren konplize zela. Barne ikerketa egin du Frontexek, eta adierazi du giza eskubideen urraketarik ez duela antzeman, hainbat dokumentuk baieztapena zalantzan jartzen badute ere.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 05a
(Argazkia: Frontex)

Iazko urrian nazioarteko zenbait hedabidek argitara eman zutenez, Egeo itsasoan, Turkia eta Grezia arteko mugan, legez kanpoko prozedura ari zen gauzatzen: Greziako mugazainak hainbat migratzaile beren jatorrietara itzularazten ari ziren, asiloa eskatzeko eskubidea urratuz. Hedabideek legez kanpoko jardun horren “konplize” gisa seinalatu zuten Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentzia (Frontex).

Alemaniako Der Spiegel aldizkariak, Herbehereetako Lighthouse Reports eta Erresuma Batuko Bellingcat atari digitalak, eta Alemaniako ARD eta Japoniako Asahi telebista kateak bildutako dokumentazioaren arabera, Europako Batasuneko (EB) mugen zaintzaz arduratzen diren guardiak Greziako mugazainen “legez kanpoko ekintzen” jakitun dira. Hala, Frontex migratzaileak itzularazteko lanetan hein batean “inplikatuta” dagoela eman zuten ulertzera, horrek “konplize” bilakatuz agentzia. Plazaratu zenez, migratzaileak asiloa eskatzeko aukerarik eman gabe beren jatorrira itzularazten ari ziren, Europako legedia urratuz. Salaketa horien ondotik, Frontexek barne ikerketa abiatu zuen.

Gaur dira argia ikustekoak ikerketaren emaitzak, baina Herbehereetako NOS telebista kateak aurreratu duenez, Frontexek ez du antzeman giza eskubideak urratzen dituen jarduerarik. Ikerketak aztertu behar zuen ea Turkiara bueltan bidali aurretik migratzaileek aukerarik izan ote duten asiloa eskatzeko bidezko prozedura baterako; telebista kateak adierazi duenez, ez dute aurkitu Europako legedia hautsi izanaren ebidentziarik. Ikerketak jaso duen hutsune bakarra, dirudienez, Frontexen funtzionamenduari dagokio, aitortuz akatsak egin direla migratzaileen jarraipen sisteman eta txostenen aurkezpenean.

Frontexek giza eskubideak urratzen dituen prozedurarik aurkitu ez izana defendatu arren, badira hainbat dokumentu baieztapen horrekin talka egiten dutenak. Aipatu hedabideetako batek jasoa dauka ekainaren 8an Frontexen ontzi batek errefuxiatuen barku bat blokeatu zuenekoa. Bidea mozteaz gain, errefuxiatuak Turkiara bueltan bidali asmoz, abiadura hartuta olatuak sortzeari ekin zion ontziak, migratzaileen biziak arriskuan jartzeraino.