argia.eus
INPRIMATU
EGA azterketa prestatzeko webgunea martxan jarri dute

2009ko otsailaren 20a

"AEK-k, Ordiziako Jakintza Ikastolak eta EHUko iKide taldeak www.egela.aek.org webgunea osatu eta martxan jarri dute. Bertan EGA azterketa prestatzeko materiala aurki daiteke doan (erregistratu baino ez da egin behar): aholkuak, ariketak, azalpenak, adibideak eta 2003 eta 2006 urte arteko azterketak. Duela egun batzuk Jakintza Ikastolako Maite Goñik azken bi urteetako EGAko azterketak jaso dituen liburua digitalizatu eta ikastolaren webgunean zintzilikatu zuen. Handik gutxira, ordea, telefono dei bat jaso eta azterketak saretik kendu behar izan zituen. Horrek euskal blogosferan hainbat erreakzio eta iritzi eragin ditu. Eusko Jaurlaritzak ukatu egin du inori EGAko materiala sareratzeko baimena kendu dionik: "Ez dugu eskabiderik jaso, ez ahoz eta ez idatziz, 2007ko eta 2008ko EGA azterketak sarean jartzeko", esan dute. Era berean azterketa horiek Jaurlaritzaren webgunean aurrerago jarriko dituztela argitu dute (2001etik 2006ra artekoak badaude), "paperezko edizioak bere bidea egiten duenean".