Edward Snowden, AEBetako NSA agentziaren espioitza kasuak filtratu dituen CIAko langile ohiak Errusian babesa eskatu du herrialde horretako migrazio alorreko agintariek baieztatu dutenez.
Snowdenek behin behineko babesa eskatu du Itar-Tass agentziak argitaratu duenez. Estatus hori “arrazoi humanitarioak” direla-eta ematen da Errusian eta mota horretako eskaeren tramitazioek hiru hilabeteko tartea har dezakete. Tarte horretan ezin dute Snowden herrialdetik kanporatu.
Vladimir Putin presidente errusiarrak babesa eskaini zion baldintza batekin: utz ziezaiola AEBak kaltetzeari argitaratzen ari zen informazioekin.
Azken asteetan etengabe zabaldu dira zurrumurruak espia ohia babes zezakeen herrialdearen inguruan. Besteak beste Europar Batasunaren (EB) eta Boliviaren arteko arazo diplomatikoak sortu ditu gaiak: Evo Morales presidentea zeraman hegazkinari debekatu egin zioten EBko aire eremua zeharkatzea, Snowden barruan joan zitekeelakoan.