Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroko zuzendari nagusiaren postua Edurne Ormazabali ematea erabaki du Tabakalerako administrazio kontseiluak.
Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak eman du berria Twitter bidez. Esplikatu duenez, "komunikazioa sendotu eta sormen industriekin zerikusia duten ekimenak bultzatzeko, lantalderako duen gaitasuna ezin hobeto datorkigu".
Ormazabal Tolosan jaio zen 1963an eta ibilbide luzea egina du kazetari gisa EITB taldean. Besteak beste, Gaztea irrati-formulako zuzendari izan zen 1990etik 2008ra bitartean. Donostiako Herri Irratian hasi zen lanean kazetari gisa, Psikologian lizentziatu ondoren. Irrati-telebista publikora iritsi aurretik, Deia egunkarian ere lan egin zuen, baita Antena 3ren irratian ere.
Kultur munduarekin zerikusia izan du kazetari lanean. Besteak beste, ETB1en Katu kale saioa aurkeztu zuen hiru urtez. Donostiako Zinemaldian ere parte hartu izan du, ekitaldietako aurkezle gisa.
Izendapen honekin bukatutzat eman daiteke Tabakalerak sortu duen zuzendaritza nagusiaren inguruko inkognita. Lanpostu berria da Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunean, eta administrazio kontseiluak erabaki zuen hura sortzea. Orain arte Tabakalerako proiektu kulturala zuzendu duen Ane Rodriguezen gainetik legoke zuzendari nagusi berria.
Lanpostua sortuko zela iragartzean, erakunde publikoek –Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala– azaldu zuten zuzendari nagusiari egokituko zaiola proiektua lideratzea eta eraikineko "ikuspegi orokorra" lantzea.