argia.eus
INPRIMATU
Edurne Eginok dimisioa aurkeztu du Iruñeko Udal Gobernu Batzordean
  • Arrosadia,-Milagrosa-Azpilagañako zinegotzia zen eta Iruñeko Udalaren ordezkaria Nafarroako Gobernuaren bost zentrotan. EH Bilduk eta Geroa Baik erabakiak "aldebakartasunez" hartzen dituztela salatu du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko abuztuaren 30
Edurne Egino / Batzarre.org

Uztailaren 4an, Joseba Asiron Alkateak udal gobernua hautsitzat eman, eta Aranzadi eta Ezkerrako zinegotziak atera zituen bertatik, aurrerago batera lan egiteko borondatea zuela azaldu bazien ere. Ezkerrak esan duenez, sanferminak pasata bilera eskatu zuten, "erantzunk jaso gabe".

Astelehenean, alkateak Udal Gobernu Batzordera deitu zituen taldeak, baina, aurretik, "inbertsio proposamenak" zekartzan prentsa oharra karrikaratu zuen. Ezkerrak dionez, horrek probatzen du "aldebakartasunez" aritzen dela udal gobernua.

Era berean, atzo iragarritako 142 postuetako LEPa laukoarekin kontrastatu ez zuela adierazi du Ezkerrak.

Komunikatuaren arabera, Ezkerrak "konpromiso osoa" adierazi dio akordio programatikoari, "guztiz hautsita Asironen partetik iragan uztailaren 4an".

>>> Euskalerria Irratiaren webgunetik ekarri dugu artikulu hau gurera, CC-BY-SA lizentzia baliatuta.