argia.eus
INPRIMATU
Eduki pornografikoa partekatzen duten talde batean sartzeko gonbidapena jaso dute mila ikaslek, Donostiako ikastetxe batek salatu duenez
  • Aldapeta Maria Ikastetxeak eman du egoeraren berri, eta adierazi du taldean hainbat ikastetxetako 200etik gora ikasle daudela. Ertzaintzari salatzeko eskatu die nerabeen gurasoei.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 22a

Eduki pornografikoa eta gorroto mezuak jasotzen dituen Whatsapp talde bat zabaldu da Donostiako Aldapeta Maria Ikastetxeko DBH eta batxilergoko ikasleen artean. Ikastetxeak egoeraren berri eman die ikasleen gurasoei zirkular baten bidez, nerabeei Whatsapp talde horretan sartzeko gonbidapena iristen hasi zaielako.

Ikastetxeak Ertzaintzan salatzeko eskatu die gurasoei, baita seme-alaben telefonoa aztertzeko eta “adi egoteko”, taldean badaude “berehala ateratzeko”. Adierazi duenez, taldeko edukia “oso desatsegina eta desegokia” da adin horietako gazteentzat.

Talde horietako batean hainbat ikastetxetako 200etik gora ikasle daudela adierazi du Aldapeta Maria Ikastetxeak bere oharrean. Gainera, Naizek jakinarazi duenez, ikastetxeko iturrien arabera bi dira Whatsapp taldeak eta milatik gora ikasle daude, eta beste ikastetxe batek ere salatu du.

Orain arte, Ertzaintzak jakinarazi du ez duela gai honen inguruko salaketa zehatzik jaso, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du ikastetxeko ikasleen gurasoen kontsultak jaso dituela.

Zuzendariaren adierazpenak

Donostiako Aldapeta Maria Ikastetxeko zuzendari Jon Eizmendik SER irratian jakinarazi du mila ikasle ingururi luzatu zaiela taldean sartzeko gonbidapena, eta denak direla DBHko bigarren, hirugarren eta laugarren mailakoak eta batxilergoko lehen mailako ikasleak.

Eizmendik gaineratu du taldean “eduki homofoboa, pornografikoa eta irain sexistak” daudela. Hala ere, azpimarratu du taldea “seguraski” ez dutela ikastetxeko ikasleek sortu, baizik eta “beste helburu batzuk dituzten heldu batzuek”.