Gehitu elkarteak salatu du eduki LGTBIfobiko eta matxistak dituen liburu bat dagoela Osakidetzak bere Enplegu Publikorako Eskaintzan proposatu duen bibliografian. Bertan adierazten da, adibidez, homosexualitatea ez dela zerbait aldaezina, erasoak jasan ditzakeen emakumeak jakin behar duela “bere gorputzaren bidez zein mezu helarazten dion bikotekideari”, edota “itxura fisikoarekiko kezka” dela “emakumeen ahulguneetako bat”.
“Ezin da pertsona baten sexua aldatu”
“Fisikoki oso politak ez diren neskatoen sexu-identitateari arreta handiagoa jartzea gomendatzen da”; “helduak kirurgia bidezko sexu aldaketan tematzen dira eta ez dute bestelako alternatiba terapeutikorik nahi. ‘Soluzio’ horiek arazo handiak dakartzate. Ezin dute sakoneko errealitatea aldatu, ezin baita pertsona baten sexua aldatu”; “gezurra da homosexualitatea zerbait osagarria eta aldaezina denik. Psikologikoki esku hartu daiteke faktore pertsonal eta ingurukoetan”. Horra Gehituk azpimarratutako hainbat pasarte, Osakidetzako oposizioetan Erizain kategoriarako proposatzen den La salud mental y sus cuidados liburutik hartuak.
“Emakumeen ahulguneetako bat itxura fisikoarekiko kezka da”
Honakoak ere deituratu ditu Gehituk: “Emakumeen ahulguneetako bat itxura fisikoarekiko kezka da. Gizonak bereziki horri jartzen dio arreta eta hortik dator sexu femeninoak ematen dion garrantzia”; “azken urteetan alarma sozial handia dago, bikotekideek hildako emakumeen inguruan. Gogoetarako hainbat ideia: emakumeak bereziki sentsiblea izan behar du eta jakin behar du menpekotasun edo biolentzia zantzuak antzematen. Halaber, jakitun izan behar du, bere gorputzaren bidez zein mezu helarazten dion bikotekideari, eta horrek erreakzioak eta ondorioak ekar ditzakeela”
Aipaturiko liburuak “erakunde publiko batek inolaz proposatu eta partekatu ezin ditzakeen adierazpen eta ikuspuntu homofobo eta matxistak” jasotzen dituela-eta, liburua zerrenda bibliografikotik ezabatzeko eskatu dio Gehituk Osakidetzari, baita neurriak hartu daitezela ere, “erakunde publikoek ezaugarri hauek dituzten edukiak ez ditzaten zabaldu”.