argia.eus
INPRIMATU
Educamadrid eta MAX: burujabetza teknologikoa Madrilgo hezkuntza sisteman
  • EducaMadrid software librean oinarritutako hezkuntza plataforma 2002an jarri zen martxan Madrilgo Erkidegoan eta egun milioi bat erabiltzaile inguru ditu. Bertako kide Daniel Estebanek plataformaren aurkezpen praktikoa egingo du urriaren 17an Donostiako San Telmo museoan egingo den Euskarabildua jardunaldian.

iametza 2024ko urriaren 14a

XX. mendearen amaieran, Madrilgo Erkidegoko teknikari eta politikari talde batek hezkuntza-plataforma propio bat sortzeko beharra planteatu zuen, mende berriak planteatzen zituen erronkei erantzuteko. 2002. urtean "Madrilgo Erkidegoko ikastetxeetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Garatzeko Plan Globala" aurkeztu zen, eta horren barruan EducaMadrid izeneko online ikaskuntza-plataforma sortu zen. Bi urte geroago, MAX (MAdrid_linux) sistema eragilea aurkeztu zen, hezkuntza-ekosistema libre, seguru eta iraunkorra osatzeko. Jaio zenetik bi hamarkada baino gehiago igaro direnean, gaur egun milioi bat inguru erabiltzaile ditu. Honela bihurtu da burujabetza teknologikoa hezkuntza sistemaren baitan sustatu nahi duten administrazio publikoen erreferentzia, bai Europan eta baita mundu mailan ere.

Daniel Esteban, EducaMadrid-eko kideetako bat da eta plataformari buruzko xehetasunak erakutsiko ditu Euskarabildua jardunaldian, aurkezpen praktiko baten bidez.

Esteban 15 urtez Los Olivos landa-eremuko ikastetxean irakasle eta zuzendari  lanetan aritu zen. Bertan, "Somos teCnoRurAles" proiektua jarri zuen martxan. Proiektuaren hiru zutabeetako bat teknologiaren erabilera  arduratsua, kritikoa eta errespetuzkoa zen eta hori lortzeko software librea hezkuntza-prozesuetan integratzen zuten, MAX (MAdrid_linuX)  sistema eragilea eta EducaMadrid Madrilgo Erkidegoko plataforma ofizialeko zerbitzuak erabiliz. Gaur egun, irakaskuntzako aholkulari tekniko gisa dihardu Madrilgo Erkidegoko Digitalizazio Kontseilaritzan, MAX banaketaren garapena koordinatu eta EducaMadrid plataforman lan funtzionalak eta sustapenekoak egiten ditu.

Zer da Euskarabildua?

Euskara eta teknologia elkartzea helburua duen jardunaldi dibulgatzailea da, gizartean eragin nahi duen ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, euskal gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera ematen duena.

Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak elkarlanean antolatzen dituzte 2012az geroztik jardunaldiok. Aurten urriaren 17an egingo da San Telmo museoan goizeko 09:00etatik hasita.