argia.eus
INPRIMATU
Eduardo Santosek irabazi ditu Nafarroako Ahal Duguren primarioak
  • Eduardo Santos diputatua 27 botorengatik gailendu zaio kargua uzten duen Laura Perezi. Zuzendaritzan eta dokumentuen bozketan ere nagusitu da. Izena eman duten 6.917 kideetatik 1.347k bozkatu dute, %19,5.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 22a
Ainhoa Aznarez eta Eduardo Santos, hautagaitzaren aurkezpenean.

Igande gauean jakin ziren Podemos-Ahal Dugu Nafarroako primarioen emaitzak eta astelehen goizean egingo dituzte publiko xehetasun guztiak. Alderdiko iturriek jakinarazi dutenez, zuzendaritza berrirako bozketan ere Santos gailendu da. Hautatu dituzten 24 kideetatik hamalau Santosen 20 de marzo-martxoak 20 hautagaitzakoak dira eta gainontzeko hamarrak Laura Perezen Lana 2019 hautagaitzakoak.

Laura Perezek bigarren tokia lortu du eta haren atzetik Ainhoa Aznarez Nafarroako Legebiltzarreko presidentea geratu da, bozeramaile kargua hartuko duena. Perezek aldez aurretik ziurtatu zuen, irabazi zein galdu arren, bozeramaile lana utziko zuela, indarrak gizarte mobilizaziora bideratzeko.

Eduardo Santosen hautagaitzak proposatu dituen dokumentuek ere botoemaileen babesa jaso dute eta datozen urtetarako norabidea zehaztuko dute. Idazkari nagusi berriaren lehen helburua alderdia konpontzea izango da, primarioek erakutsi baitute erditik zatituta dagoela.

Alderdiarentzat ezinbestekoa da egitura lokala sendotzea, 2019ko udal eta foru hauteskundeetara begira. Une horretara arte Foru Gobernua sostengatzen duen akordio programatikoa babestuko duela ziurtatu du Santosek.