Jai herrikoien aldarria zabaltzeko Edozer Dugu Posible eguna antolatu dute Donostiako Piratek uztailaren 9an. Manu Chaoren kontzertua iragarri ostean, astelehenean aurkeztu dute egun osoko egitaraua.
Ahalik eta publiko zabalenarentzat prestatzen ahalegindu direla esan dute antolatzaileek; hori dela eta, egun osoan izango dira ekintzak Zurriola hondartzaren inguruetan.
Goizean, besteak beste, haurrentzako antzararen jolas erraldoia, gazteentzat mural pintaketa, euskara ikasten ari direnentzat mintzapraktika pirata eta euskal dantza ikastaroa izango dira. Eguerdian, Donostiako kontsumo taldeek jateko eta edatekoa emango dute, eta 15:00etatik aurrera hizkuntza gutxituak dauzkaten herrialdeetako taldeen kontzertuak egongo dira.
Egunaren bukaeran ere kontzertuak izango dira Zurriolako hondartzan; Manu Chao – La Ventura izango da kartel-buru, eta Selektah Stepi, Skakeitan eta Tania de Sousak osatuko dute kartela.
Eguna elkartasun ekimen handi eta aldarrikatzaile baterako ere baliatu nahi dutela jakinarazi dute piratek, baina azken xehetasunak lotzeko daudenez, ostiralera arte ez dutela planteamendua argitara emango.
Jaia bai, eraldaketa soziala ere bai
Jai parte hartzaile, euskaldun eta parekideen aldeko aldarria Aste Nagusitik kanpo ere hedatu nahi dute piratek, auzolanean oinarrituta.
Jaiak eraldaketa sozialerako tresnatzat ulertzen dituztela eta jai herrikoien aldeko mugimendu zabala dagoela adierazi dute piratek. Orain arte eginiko bidea ikusarazi asmoz, erakusketa antolatu dute, zenbait herri eta auzotako esperientziak jasoz. Bertan parte hartu nahi luketen beste herri eta auzoetako jai-batzordeei piratekin harremanetan jartzeko eskatu diete.
Jaialdiaren kartela ere astelehenean aurkeztu dute. Behean ikus dezakezue.