argia.eus
INPRIMATU
Edoskitzeak saretzen
  • Nafarroako beste zentroekin batera, edoskitzea naturalizatzea du helburu Lesakako osasun etxeak.

Olaia L. Garaialde 2023ko abuztuaren 25a
Helburua edoskitze naturala sustatzea den arren, erditzen duten pertsonen erabakia errespetatzen dute osasun etxean.

Nafarroako beste osasun etxeekin batera, 2007. urtetik Jaiotza eta Edoskitzearen Laguntzaren Humanizaziorako Ekimenean parte hartzen du Lesakako osasun etxeak. Xedea da zentroek “edoskitze esklusiboa” babestea eta sustatzea, eta nolabait “erditze naturalari” arreta eta erraztasunak ematea.

Horretarako, zazpi urrats jarraitu behar ditu osasun etxeak: bularra ematea haurraren eta amaren eskubidea dela bermatu araudia jarraituz; prestakuntza berezia jaso; edoskitzearen inguruan argibideak eman haurdun daudenei; sostengua eman edoskitzearen hasieran zein arreta berezia lehenengo 48 ordutan; sostengua eman haurra lehenengo hilabeteetan; osasun etxeak egokitu atseginagoak izan daitezen; eta edoskitze taldeak sortu.

Zailatsun gehienak beldurretatik sortzen dira: "Gehienetan postura zuzenduz eta amari informazioa emanez hobeki egoten dira"

Elixabet Elizalde erizainak kontatu du “poliki-poliki” urrats guztiak ematen ari diraela, eta horregatik, berriz martxan jarri dituztela edoskitze taldeak. COVID-19aren ondorioz gelditu behar izan zituzten, eta martxoan hasi ziren berriz. Hilabeteko hirugarren ostegunean geratzen dira. Elizaldek nabarmendu du ez direla tailerrak, baizik eta elkarrekin hitz egiteko eta elkarri esperientziak kontatzeko espazio bat: “Horrek berdinen arteko solasaldiak ekartzen ditu”. Gaineratu du bilkura horiei esker edoskitzeak “aberasgarriagoak” eta “errazagoak” direla. “Gu beti prest gaude laguntzeko, baina garrantzitsuena da elkarren arteko harremanak sustatzea, askotan elkarren artean argitzen dituztelako zalantzak”, esan du.

Edoskitzeak “ahalik eta naturalenak” izatea nahi dute Lesakako osasun etxean. Elizalderen arabera, naturaltasunez jokatzeak edoskitzea “errazten” du: “Zenbat eta naturatik gehiago aldendu, orduan eta gehiago berrikasi beharko dugu edoskitzea naturala dela, eta ustez onena ematen ari garela”. Gaineratu du zailatsun “gehienak” beldurretatik sortzen direla: “Gehienetan postura zuzenduz eta amari informazioa emanez hobeki egoten dira”.

Helburua edoskitze naturala sustatzea den arren, erditzen duten pertsonen erabakia errespetatzen dutela dio: “Bularra ematen ez duten amei ere kalitatezko arreta, sostengua eta jarraibideak eman behar dizkiegu. Begirunetik eta epairik gabe”.