argia.eus
INPRIMATU
Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak
  • Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko irailaren 20a
Edmundo González Urrutia, argazkian. Argazkia: EFE

"Demokratikoki hautaturiko Venezuelako lehendakari legitimoa" da Edmundo González, Europako Parlamentuaren arabera. Irailaren 19an argitu du bere postura Estrasburgoko instituzioak, aitortza horren aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio bideratuz. González aitortzeaz gain, presidentetzan jartzeko "ahal duten guztia" egitea galdetu zaie Europar Batasunari eta bere estatu kideei.

Nicolas Madurok bideraturiko "hauteskunde-iruzurra" gaitzesten du Europako Parlamentuak. Hori horrela, Venezuelako Hauteskundeetarako Batzar Nazionalaren eta Maduro presidentearen eta bere inguruaren kontrako zigorrak bideratzearen alde agertu dira eurodiputatu gehienak.

Eskuina eskuin muturrarekin, lehen aldikoz

Europako Parlamentuan ere gauzatzen ari den "eskuin muturraren normalizazioa" salatu dute ezkerreko eurodiputatuek, hain zuzen, Europako Alderdi Popularraren baiezkoekin, ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin aurrera atera ahal izan delako testua. Europako Parlamentu berria osatu denaz geroztik lehen aldia da eta egoeraren larritasuna azpimarratu dute ezkerreko ordezkari batzuek. Horra, demagun, Raphael Glucksmann Frantziako eurodiputatu sozialistak zabalduriko mezua: "Ekintza hau oso kezkagarria da, eta erakusten du kontserbadoreek ez dutela inolako eskrupulurik edo errezelorik Europa demokratikoaren funtsezko balioen aurkako indar politikoekin elkartzeko".

Uztailaren 28an burutu ziren Venezuelako presidentetzarako hauteskundeak. Emaitza ofizialek Nicolas Madurori eman zioten garaipena, baina, Chavismoa gobernuan dagoenetik ohiko bilakatu den moduan, oposizioak iruzurra salatu eta González izendatu du presidente. Gerora, Venezuelako Epaitegi Gorenak emaitza ofizialak zuzenak zirela ebatzi zuen, baina oposizioak ez du ebazpena onartu.

Nola ez, Gonzálezek begi onez hartu du Europako Parlamentuak bideratu dion aitorpena. Gaurko egunean, Espainiako Estatuan da, iraila hastapenean asilo politikoa lorturik.