argia.eus
INPRIMATU
EDH FEST antolatu dute Iruñerriko eszena antikomertziala eta gaztetxeak bultzatzeko
  • Jaialdiarekin azken urtean errepresaliatuak izan diren Iruñerriko Gaztetxeentzat eta bertako kideentzat dirua lortu nahi dute.

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 10
Zozketako saria.

Sei hilabete iraun ditu Ez zaituztegu bakarrik utziko, euskal eszena gaztetxeen alde kanpainak, eta Ez Dago Hilda FEST musika jaialdiarekin emango diote amaiera. Urriaren 25 eta 26an izango da Berriozarko Ilargi parkean.

Ez Dago Hilda kolektiboak antolatu du jaialdia, gaztetxeei “urteetan eman" dietena bueltan itzultzeko. Izan ere, gaztetxeen galerak bultzatu zituen kolektibo eta kanpaina hau sortzera, asko laguntzen baitute “musika-eszena antikomertziala” bultzatzen. Maravillas eta Errotxapeako gaztetxeek kontzertuak musika-eszena komertzialetik kanpo antolatzeko “aukera bikaina” ematen zutela adierazi dute, eta hauek hustu ostean hutsune handi bat sumatu zutela diote.

Eszena antikomertziala bultzatzen zuten arnasgune hauek galdu ostean, hausnarketa prozesua hasi zuten eta Ez Dago Hilda kolektiboa sortu zuten, eszena bultzatu eta hainbeste eman zieten gaztetxeentzat dirua biltzeko, "Ez zaituztegu bakarrik utziko, euskal eszena gaztetxeen alde" lemapean. EDH FEST-arekin emango diote amaiera kanpainari; urriaren 25 eta 26an izango da jaialdia. Lehen egunean hainbat kontzertu egongo dira arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta bigarren egunean egun osoko egitaraua antolatu dute, ume zein helduentzat.