Ez dute CNAk egindako proposamena onartu, euren ustez “xantaia” egiten ari delako eta konpainia katalanak “txeke zuri bat” besterik ez duelako nahi.
Ostiral arteko epea jarri zien CNA multinazionalak Edesako langileei 167 lagun kalera bota eta Arrasateko Garagartzan duen planta ixtea ekarriko lukeen planarekin segi edo ez erabakitzeko. Ostiralean Enplegua Erregulatzeko Espediente kolektiboa tramitatuko duela ere esan du enpresako zuzendaritzak.
Langileek ez dute itxaron, asteazkenean batzarrean erabaki dute ez onartzea euren ustez “xantaia” dena eta “kartak mahai gainean” jartzeko ordua dela iritzi dute.
Multinazionalaren jokoa salatu dute langileek, Euskal Herrian duen ekoizpena baztertu eta merkaturatzeari soilik helduko diolakoan, horrek dakarren enplegu galerarekin: “Arazoa da Fagor marka erabili nahi dutela, eta horretarako markaren jabeak Fagor S. Coop.-ek duten akordioa bernegoziatzea behar dute, langile gutxiagori enplegua ematea onartuz.Baina eurek bakarrik lortu ez dutenez, gu tartean sartzea espero dute”.
Susmoa dute multinazional handi batekin jadanik akordioa hitzartua duela CNAk produktuak merkaturatzeko: “Txeke zuria da, progresiboki eskoizpena desagertaraziz Fagor markarekin merkaturatuz ‘pelotazoa’ ematea ahalbidetuko diena”.
Zuzendaritzatik emandako informazio eskasa eta kontrajarria ere nabarmendu dute eta erabaki “politikoa” izan dela. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren, Fagor kooperatibaren eta Garagartzako pabiloieko jabe den sozietatearen iritzia zein den jakin nahi dute.
Langile asanbladak azaldu du eurak ere “bake soziala” nahi duten arren, borrokan segituko dutela “industriaren etorkizunaren aldeko apustua” lortu arte.