argia.eus
INPRIMATU
Ederbidea: Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdi bizikleta bidez lotzeko proiektua abian da
  • 9,4 milioi euroko inbertsioa eginda, Iruñea, Donostia eta Baiona bizikletaz ibiltzeko sarearen bidez elkartuko dira, eta Bidasoa eta Plazaolako Bide Berdeak ere lotuko ditu

Erran .eus @erran_eus 2016ko irailaren 08a

Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako ordezkariak izan ziren irailaren 7an, asteazkenean Baionan 2016-2019 eperako "Ederbidea" bizikleta gaineko garraio iraunkorreko proiektua abian jartzeko ekitaldian; mugaz gaindiko lankidetzarako ekimena da bizikletaren erabilera sustatzeko eguneroko eta turismoko joan-etorrietan.  

Bide horren bidez, Iruñea, Donostia eta Lapurdiko hiriburua batzeko aukera emanen da bizikletaz 240 kilometroko ibilbide batean, eta haietatik 90 sortu berriak izango dira. Horrekin batera, politika komun bat garatu ahalko da bizikletaren erabilera bultzatzeko turismo eta aisialdiko ikuspegitik nahiz eguneroko joan-etorrien ikuspegitik.

Gaur egun, mugaz gaindiko bideak 132 kilometro ditu. Ederbideak jarraikortasun eta konektibitatea erraztuko ditu 90 kilometro berri eraikiz, haietatik 46 bizikletetarako bideetatik joango da (bizikletetarako bakarrik) edo bide berdeetatik (motorrik gabekoek erabiltzeko: oinezkoak, ziklistak, patinatzaileak, mugikortasuna murriztuta duten pertsonak) eta 44 motordun ibilgailuekin partekatutako bideetatik.

Helburuen artean: isuri kutsagarriak murriztea eta garraioaren iraunkortasunean aurrera egitea, zirkulazioa arintzea, biztanleen osasuna hobetzea eta turismoko produktu komun bat sortzea.

Proiektua martxan jarri den egunean, Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko egoitzan izan dira J.J. Lasserre, Pirinio Atlantikoetako lehendakaria; Manu Ayerdi, Nafarroako Gobernuko lehendakariordea; Marisol Garmendia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurraldearen Antolamendu arloko foru diputatua.

Bidasoa eta Plazaolako Bide Berdeen lotura

Nafarroan, Ederbideak bi zatitan jardungo du: Bidasoa eta Plazaolako bide berdeen lotunean (42,5 bat kilometro) eta Plazaolako lehengo burdin bideak Iruñearekin bat egiten duen tokian, 25 kilometro ingurukoa Bi Ahizpe-Irurtzun-Iruña artean. Azken zati horretan, Gobernuak lursailez jabetu ahala, Nekazaritza Ministerioaren obrak bere gain hartuko ditu. 68 bat kilometro (luzera zehatza dagokion proiektuan definituko da).

Lapurdiri dagokionez, Eurovélo 1-Vélodyssée egokitzeko eta ziurtatzeko obrekin jarraituko dute Biarritz (6 kilometro), Bidarte (5,6 kilometro), Donibane Lohizune (2,2) eta Hendaiako (1,4) udalerrietan. Guztira, 15 kilometro berri, Atlantikoko ibilbide ziklistari gehituko zaizkionak.

Gipuzkoan, bizikletetarako eta oinezkoentzako bideek Hondarribia eta Irungo udalerriekin bat egingo dute Txingudi-Bidasoa Kontserbatzeko Gune Berezian, eta Bidasoako ospitalearen eta Amuteko auzoaren artean, Errenteria-Irun bidegorriko zati gisa, 3 bat kilometrokoa.

Albiste hau Erran.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra