argia.eus
INPRIMATU
Mari Abrego
“Eder da konturatzea teknologia eta guzti mendia ezin dela gainditu”
  • Mari Abrego mendizale nafarra hil da, gaixotasun luze baten ondoren, 73 urterekin. 1984an egin zuen bere lehen zortzimilakoa (Makalu, 8.463 metro), eta 1986an K2 (8.611 metro) igo zuen, Josema Casimiro nafarrarekin batera. Haiek dira K2 igo zuten lehen euskal mendizaleak.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 19a
Mari Abrego / Nani Mosqueraren ilustrazioa

Saiatu zen Everest igotzen, baina ezin izan zuen lortu. Hain justu, saiakera horietako baten ondotik egin zion elkarrizketa ARGIAk, 1987an. Eguraldi txarrak behartuta, espedizioa bertan behera behar utzi behar izan zuten. Hemen duzue osorik:

Zer aukera zenuten pixka bat gehiago itxaron eta berriz ez saiatzeko?

Egia esan bat ere ez. Hango puskak bildu eta jaistea beste irtenbiderik ez zegoen. Gertatzen da gainera han ekainaren hasieran uda denboraldia hasten dela Himalaian, eta baimenik ez duzu gelditzeko. Gainera indarrak zeharo hustuta geunden.

Berriz ere hara joateko hotz samar agertu zara deklarazioetan.

Beno bai, hala da. Izugarrizko lanak eta prestakuntzetan sartzen zara eta azkenean deus lortu ez duzun inpresioa hartzen duzu. Oso gogorra da handik tontorrera heldu gabe jaitsi beharra, kontutan harturik gainera bigarren saioa genuela oraingoa. Beharbada berriz saio bat egiteko gogorik ez dudala esango nizuke, ez dakit. Hor gainera inguruko jendearen arazoa duzu. Zu famelia batean sarturik zaude, eta hiru hilabetez etxetik kanpo edukiko zaituen erabaki bat hartu aurretik gauzak ongi pentsatzea komeni da. Dena den, eta hau lehen aldiz ARGIA aldizkariari kontatzen diodan gauza da heldu den urtean mendi erakargarri bateko aukera sortzen bazait nik uste joanen naizen.

Beldurrik izan al duzu?

Ez dizut Josemaren berri emanen, nahiko pertsona barnekoia da eta ez dakizu egiazki beldurra pasatzen duen edo ez. Nik esan dezaket pasa dudala. Nik beti pasatzen dut, baita joan aurretik ere. Beharrezkoa deritzot honi. Suediarrek adibidez, 36 bat laguneko taldea eta bitarteko onak zituzten, eta hala ere kalte handiak izan dituzte. Pentsa emazu han goien hanka hausten baduzu, talde gaitza behar duzula laguntzeko, eta gu bi besterik ez ginen. Zentzu horretan beldurra edo errespetua edo halako zerbait baduzu bai.

McKinley mendira egindako espedizioan, 1982an / Desnivel.com

Zer ikasi duzue oraingoan?

Beti bezala asko ikasten da. Batetik, mendiaren aitzinean umiltzen. Eder da konturatzea teknologia eta guzti, noski itsasoan ere berdin gertatzen da, mendia ezin dela gainditu.

Bestetik konturatzen zara han goian gizakiak gizabidetasun handiagoz jokatzen duela, hau beti iruditu zaidan gauza da. Jaisten zara menditik, sartzen zara gizartean eta ikusten dituzu gizakien artean batere gustoko ez dituzun jokabideak, mendian desinteresatuagoa edo da. Gizarteak gizakia gaiztotzen duela dioen teoria ez dabil hain oker.

Zer egiten da egun guztian han goien. Irakurtzen al da?

Egia da bai alpinista askok kanpamendu nagusian irakurri egiten dutela eta asko, baina nik ez dut asko irakurtzen. Gehienetan prestakuntza lanak izaten ditut, eta gainera irakurtzea baino, idaztea nahiago. Hango kontu eta istorio, badakizu. Irakurtzen dudan bakarra gutunak dira. Prestaketa lanek ez dute astirik uzten bestetarako. Inoiz arratsalderen bat edo libre dudalarik nahiago izaten dut etzan eta begiak herstea gogoetan aritzeko, lo egin gaberik.

Ez zaizu iruditzen Everest mendiarekin erreko zarela ezintasun hori eraman beharrez?

Ez, ni bederen ez naiz erre. Erreko nintzateke bai, orain artean guri lagundu diguten horiek gutaz ahantziko balira, baina hori ez da gertatu. Bestalde guk lana ongi egin dugu, eguraldia izan da eragozpenak ezarri dituena. Gu ia lehertzeraino aritu gara han baina ezin izan da.

Nolakoa izaten da menditik karrikara jaitsi eta girotu beharra?

Arazo handia da bai. Lehen gehiago jasaten nuen horren pizua, badakizu, kazetariekin egon behar duzu, fantasietan sartu behar duzu. Ni saiatzen naiz bizimodu normala egiten. Lehengo egunean Iruñean barna paseatzen nindoala iruditzen zitzaidan munduko hiririk politena, badira hainbat edertasun eguneroko bizian bilatzen jakin behar direnak. Ni gainera mendira beti itzultzeko asmoz joaten naiz, esperantza horrekin.