argia.eus
INPRIMATU
Eskoziaren independentziaren aurkako kanpaina hasi du Ed Miliband laboristak
  • Glasgow-ra eginiko bisita probestu du Ed Miliband Eskoziako alderdi laboristaren buruak Eskoziaren independentziaren aurkako kanpainari ekiteko. Nahiz eta bere iritzia argumentatzeko arrazoi ekonomikorik ez erabili, "Erresuma Batu justu eta bidezko" baten alde egin zuen, "Eskozia haren parte" gisa hartuz.

2012ko urtarrilaren 31
Ed Miliband eskoziako laboristen burua.

Miliband-en hitzetan, Eskozia Erresuma Batuaren parte izanez gero, askoz ere hobeagoa izango litzateke bertako langileentzat. "Ikusi besterik ez dago langabezia mailak erakusten diguna, edota gastu energetikoaren igoerak erakusten duena, erosketa saskian ematen ari den prezio igoera..." aipatu zituen adibide moduan laboristen buruak. "Egonkortasun sozio-ekonomikoa garrantzitsuagoa da independentzia baino", gaineratu zuen.

Ados agertu zen erreferenduma egiteko baldintzak Eskoziak berak ezarri behar dituela esatean, baina aldi berean, Alex Salmond eskoziako lehen ministroaren aurka jo zuen erreferenduma egiteko data bat behartzen ari delakoan.

Bill Kidd-ek erantzun zion SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistaren izenean. Eztabaidara ezer berririk ez aportatzea egotzi zion laboristen buruari. Horrez gain, Erresuma Batuan ezagutu diren klaseen arteko ezberdintasun sozial handienak laboristak boterean zeuden bitartean eman zirela gogoratu zion Miliband-i.