argia.eus
INPRIMATU
ECNko langile bat amiantoaz lan egiteagatik hil dela baieztatu du EAEko Auzitegi Gorenak
  • Zendutako langilearen alargunari gaixotasunengatik hildakoei ematen zaien prestazioa ukatu zion Gizarte Segurantzak. Epaitegietara jo ostean, EAEko Auzitegi Gorenak baieztatu du langilea amiantoak hil zuela, Gizarte Segurantza derrigortuz honen alargunari diru-saria onartzera.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 09a
Asviamie elkarteak Donostiako Auzitegi parean eginiko elkarretaratze bat (Argazkia: Juanjo Basterra)

Echeverria Cablerias del Norte enpresako langile izandako Rodolfo N. 2017an zendu zen pleurako mesotelioma baten ondorioz, amiantoak duen arbestoa arnastearren eratu ohi den minbizidun tumorea. Zendutakoa igeltsero aritu zen Gasteizko ECN enpresan 1966 eta 1997 artean, eta babes neurri nahikorik gabe konpondu zituen uralitazko sabaiak eta tximiniak, baita amiantozko adreiluekin eraikitako galdaren mantentze lanez arduratu ere.

Gizarte Segurantzak zendutakoaren alargunari ukatu egin zion gaixotasunengatik hildakoei ematen zaien prestazioa, eta hargatik jo zuen epaitegietara. Gasteizko Epaitegitik pasa zen lehenbizi kasua, eta hark esandakoa berretsi du EAEko Auzitegi Gorenak: Rodolfo N.-ren gaixotasuna amiantoarekin lan egitearen ondorioz garatu zela. Hala bada, epaia hori izanik, Gizarte Segurantzak diru-saria eman biharko dio aurrerantzean alargunari.

Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak positibotzat jo du epaiara, “mesoteliomaren jatorri profesionala erakusten duelako eta egia ezkutatzeko Gizarte Segurantzak, Mutualiak eta ECN enpresak egin dituzten saiakerak zapuzten dituelako”.