Guillermo Moncayo kolonbiarrak zuzenduriko Echo Chamber filmak lortu du dokumental onenaren saria, Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian.
Kolonbiako trenbidearen gainbehera du abiapuntu pelikulak, eta "hondamendiaren analisia" egiten du, zuzendariaren hitzetan. Epaimahaiaren iritziz, sari nagusia merezi du "bere dimentsio poetiko eta metaforiko apartekoagatik, irudiek eta soinuak duten lanketa zainduagatik, eta proposatzen duen bidaiagatik".
Huellas mexikarragatik, Diego Gutiérrez eta Danniel Danniel zuzendariek jaso dute zuzendari onenaren saria. Heriotzaren misterioaz hitz egiten du filmak. "Gizakiaren eta irudiaren mugak aztertzen dituen ispilua" da lana, epaimahaiaren arabera.
Film labur onenaren garaikurra Jessica Bardsley estatubatuarraren The Blazing World dokumentalarentzat izan da. Kleptomaniaz eta depresioaz gogoeta interesgarria egin du autoreak, teknika bereziak erabiliz.
Sari nagusien artean, Mohammad Ali Atassi eta Ziad Homsi-ren Our Terrible Country lanak bi garaikur lortu ditu: publikoaren saria eta epaimahai gaztearena. Siriako gatazkaz eta gatazkan parte hartzen dutenen ikuspuntuez, zalantzez eta itxaropenez dihardu dokumentalak. "Zinema arma gisa" erabiltzearen erakusgarri da filma, epaimahaikideen esanetan.
Harrera ona izan du Ikuspunturen 9. edizioak eta ikusle ugari hurbildu dira egunotan Iruñeko jaialdira.
Informazio gehiago:
Irakurri Oskar Alegria Ikuspunturen zuzendari artistikoari Argian eginiko elkarrizketa: "Euskaldunak ere irla bat garelako piztu dugu hainbertze dokumentalgileren interesa".