Jugoslavia ohiari buruzko Krugovi filmak abiatu zuen apirilaren 4an Giza Eskubideen Zinemaldiaren XII. edizioa. Apirilaren 11ra arte, gizarte eta politika gai konprometituak ukitzen dituzten pelikula ugari eskainiko dituzte Donostian, tartean Euskal Herrian ekoitzitako Echevarriatik Etxeberriara, Ateak zabalduz, Jambo amani? eta Minerita.
Ander Iriartek zuzenduriko Echeverriatik Etxeberriara dokumentalean (2014), Oiartzun herrira mugaturik "indarkeriak Ezker Abertzalearen ingurumenean eduki duen garrantzia" aztertu nahi izan dute, "indarkeria, noski, bere izaera eta izate guztietan (ETArena, poliziarena, politikoa, herriarena, Estatuarena, psikologikoa eta abar)". Asteartean proiektatuko dute eta ondoren, zuzendariaz gain, solasaldia izango da lanean parte hartu duen Lide Martiarenarekin eta Lokarriko koordinatzaile Paul Riosekin.
Ateak zabalduz (2014) ere dokumentala da, okupazio mugimendua ardatz. Aurreiritzietatik urrundu eta "errealitate konplexu bezain aberatsa" islatzen duen bizimoldeez mintzo da Juanmi Gutiérrez zuzendaria. Ostegunean emango dute eta ondorengo solasaldian, zuzendariarekin batera izango dira filman parte hartu duen Iñaki Garmendia eta Markel Ormazabal soziologia ikaslea.
Jambo amani? eta Minerita berriz, 2013an ekoitziriko bi film labur dira: lehenengoan Kongoko miliziano talde baten birgizarteratzea kontatu du Unai Aranzadi zuzendariak; bigarrenean, Boliviako meatzarien lan baldintza gogorrak filmatu ditu Raúl de la Fuentek.
Horiez gain, ugaria da nazioartetik datorkigun eskaintza: hala nola, Gabrielle, Miele, Pussy Riot: a punk prayer, El Bumbún, The unknown known, Princesas rojas, Not anymore: a story of revolution, Web junkie, Jerusalén ID. Semáforo racista eta The selfish giant.
Zaintz, bizi-organoen merkatu beltza, duintasunez hiltzeko eskubidea, iraultza sandinista, Irakeko gerraren kontraesanak, Palestinako lurralde okupatuak, patente farmazeutikoak, patriarkatua eta genero rolak, sexu-abusuak eta transgenikoak bezalako gaiak jorratu dituzte zinemaldian ikusgai dauden filmek.
Joan den ostiralean, Robert Guédiguian zinegile frantziarrak jaso zuen aurtengo saria, "zinema egiten duen militantea" izaki. Pobreziaz, immigrazioaz, drogez edo xenofobiaz filmatu duen zuzendaria batik bat Les neiges du Kilimandjaro lanagatik da ezagun.