argia.eus
INPRIMATU
EBZk interes tasak igo ditu eta krisi ekonomikoaren kostua herritarren bizkar uzteko planarekin jarraitzen du
  • Europako Banku Zentralak interes tasak puntu erdia igo eta %3,5ean jarri ditu. AEBetako Silicon Valley bankuaren kiebraren ostean zalantzak zeuden Frankfurtek zer egingo ote zuen, baina inflazioa jaitsiarazteko jarritako bideorriari eutsi dio, eta krisi ekonomikoaren kostua herritarren bizkar utzi du beste behin.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko martxoaren 17a
Ikusmina sortu du EBZko agintarien osteguneko prentsaurrekoak. Argazkia: EBZ

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko buruak ostegun arratsaldean iragarri du interes tasak %0,5 igoko dituela, neurriak bankuen artean krisia sortzeko arriskua izanagatik ere.

Lagardek adierazi du adi daudela, eta egoera ekonomikoak esango duela hemendik aurrera interes tasak gehiago igoko ote dituzten. Pasa den uztailetik %3,5 igo dituzte interes tasak, horrek zuzenean Euribor indizea igoarazi eta hipotekak garestitu dizkie milioika herritarri.

Zalantzak zeuden banku zentralak zer egingo ote zuen, astelehenean AEBetako Silicon Valley bankuaren kiebrak finantza sektorean sorturiko lurrikararen ondoren; baina Frankfurtek jarraitzen du energia eta elikagaien prezioen gorakadaren kostua herritarren bizkar uzteko bere planarekin.

Inflazioaren jaitsiera eragiteko, kontsumo eskaria gutxitu nahi du EBZk, eta horretarako herritarren eros ahalmen maila jaistea du helburu neurriak, hipoteken eta langabeziaren igoeraren bidez

Inflazioaren jaitsiera eragiteko, kontsumo eskaria gutxitu behar du, eta horretarako herritarren eros ahalmen maila jaistea du helburu neurriak, hipoteken eta langabeziaren igoeraren bidez, batez ere.

Ostegun goizean Credit Suisse bankuak 50.000 milioi euroko likidezia eskatu dio Suitzako banku zentralari, Silicon Valleyren hondamendiak burtsetan eragindako beherakadari eta "merkatuen ezinegonari" ezin eutsirik zegoelako. Horrek zalantzak areagotu ditu Europako bankuen  "osasunaren" inguruan.

Hala eta guztiz ere, Luis de Guindos EBZko lehendakariordeak adierazi du Credit Suissek kutsatze maila "mugatua" duela eta "Europako bankuen industria erresilientea" dela.

Beraz, Europako ekonomia finantzerioaren eragile nagusia denak jarraitzen du berearekin: dirua garestitu eta herritarrak pobretu, 2008ko krisiarekin egin zuen bezala.