argia.eus
INPRIMATU
EBZk 600.000 milioi euro gehiago bideratuko du zor publikora
  • Europako Banku Zentralak denera 1,35 bilioi euro bideratuko du pandemiaren krisiari aurre egiteko aktibo publikoak erostera. Bere esanetan, eurogunea ez da krisitik irtengo bi urte igaro arte.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko ekainaren 04a
Lagarde prentsa aretora sartzeko unean (arg.: EBZ)

Martxoan ekin zion Europako Banku Zentralak zor publikoa erosteari, horretarako 750.000 milioi euroko programa jarri zuen martxan (PEPP). Bada, Christine Lagarde bankuko presidenteak aurretik emandako abisuei jarraiki, beste 600.000 milioi euro bideratuko ditu bonoak erostera, nagusiki publikoak; denera 1,35 bilioi euro lirateke. Zifra hori gero eta gertuago legoke Europar Parlamentuak krisitik ateratzeko maiatzean erakunde komunitarioei eskatutako 2 bilioi eurotik.

Ostegun honetan EBZk iragarri duenez, interes tasak bere horretantxe mantenduko dituzte eta programa sei hilabetez luzatuko dute gainera, eta 2021eko ekainera arte iraungo du gutxienez. Izan ere, erakunde horrek aurreikuspen ilunak egin ditu euroguneko ekonomiari dagokionez, aurten ia %9 jaitsiko da bertako BPGa –erakunde neoliberalek parametro horri eusten segitzen diote ekonomiaren martxa neurtzeko– eta 2021 %5 eta 2022an %3,5 igoko da. Hau da, bi urtera arte euroguneak ez luke berreskuratuko koronabirusa lehertu aurreko BPG maila.

Banku pribatuak irabazle

Ekonomia errealean eta etxeetan “osasun krisiak utziko dituen orbanak ahalik eta gehien mugatzea” da EBZren helburua, Lagardek ostegunean prentsaurrekoan azaldu duenez. Baina oraingoz, salerosketa operazio erraldoi honen irabazi erreala batez ere sektore pribatuak nabarituko du. Zergatik?

Banku zentrala ez da zorra zuzenean erosten ari, bitartekari diren finantza erakunde pribatuen bidez baizik, bere esanetan inflazioa kontrolaturik mantentzeko. TLTRO deituriko mekanismoaren bidez, banku zentralak dirua uzten die banku pribatuei, hauek zorra eros dezaten kondizio hobeagotan, eta bide batez interesak kobratu eta dirua irabazten dute. Carlos Sánchez Espainiako IU alderdiaren politika ekonomikoen arduradun eta irakaslearen arabera, 9.000 milioi euro izan litezke hortik irabaziko dutena.