Epaiketa justuaren aldeko borrokan galdu du bizia emakumeak. Herriaren Lege Bulegoa izeneko erakundearen bidez komunistak defendatzeagatik espetxeratu zuten. Turkiako Estatuan azken hilabeteetan zendu den laugarren gose grebalaria da.
Turkiako Auzitegi Konstituzionalak abuztuaren 14an atzera bota zuen Ebru Timtik eta Aytaç Ünsal abokatuen askatasun eskakizuna, bi gose grebalariek heriotza arriskuaren atalase kritikoa gainditu zutela kontuan hartu gabe. Gorteak argudiatu zuenez, "ez dago informaziorik beren bizitzetarako edo osotasun moral eta materialerako arrisku kritiko baten larrialdiari buruz”, horren ondorioz, Timtik ostegun honetan bertan hil da, bere borroka azken ondorioetara eraman ostean.
Timtik Herriaren Lege Bulegoa (Halkde Hukuk Bürosu, HKK) izeneko erakunde juridikoaren kide zen. HKK-k Twitterren iragarri duenez, Timtik laguntza medikua jasotzen ari zen bere bihotza gelditu ostean: "Pultsua gelditu egin da eta bihotzeko masaje bat jasotzen ari dela jakin dugu. Dei bat egin diegu gure lankide eta burkideei Bakla rköyko Sadi Konuk Ospitalearen aurrean elkartzeko". Beranduago, albiste eguneratu batean, Timtikek bizia galdu duela adierazi du HKK-k.
Hilabeteetako gose greba da Ebru Timtik eta Aytaç Ünsalena, eta halere, ez dute kartzelatik irtetea lortu, Medikuntza Auzitegiko Institutuak “espetxean egoteko gai ez direla” adierazi duen arren. Turkiako Auzitegi Konstituzionalean jarritako salaketa batek ere ez zuen arrakastarik izan. Bi abokatuak euren borondatearen aurka zeuden Istanbulgo bi ospitaletan, atxilotuta. ANF albiste agentziaren arabera, Ünsalek oraindik bertan darrai, egoera larrian.
Timtik eta Ünsalek Herriaren Lege Bulegoaren bitartez DHKP-C erakunde komunistako militanteak babesten zituzten haien aurkako prozesu konplexuan. Abokatuei ere espetxe-zigor luzeak ezarri zizkieten ordea, lege antiterroristetan oinarrituta. Abokatuek epaiketa justua izatea aldarrikatzen dute gose grebarekin.
Yorum taldeko hiru musikari ere duela gutxi hil ziren Ankarako Gobernuaren jazarpen politikoa salatzen. Helin Bölek, Mustafa Koçak eta Ibrahim Gökçek zuten izena. Bölekek 288 egun bete zituen gose greban, Koçakek 297 eta Gökçekek, berriz, 323.