Gazte batek Afrikatik Europara bidean pasa dituen esperientzien kontakizuna jaso du Al Jazeera komunikabide arabiarraren erreportaje batek.
Rasta, historiaren protagonistak 25 urte dauzka eta apirilean iritsi zen Siziliara. 950 lagun zeramatzan ontzia apirilaren 18an hondoratu zen Mediterraneo itsasoan, eta bizitza salbatu zuen gazteak.
Beste 800 lagunek ez zuten Rastaren zorte berbera eduki. Biziraun dutenetako askok –Rasta barne–, Italian aurkitzen den Mineoko Asilo etxeetan daude.
UNHCR-k –Nazio Batuen Erakundearen Errefuxiatuen agentziak bertan asiloa eskatzen dutenen egoeraren berri eman du bideo honetan:
Rastaren bidaia Afrikan zehar
Sierra Leonan jaiotako gazteak Ebola gaixotasuna medio, herrialdetik alde egin behar izan zuen: “Nere emaztea eta semeak Ebolak hil zituen”.
Tripoli, Libiako hiriburura iritsi baino lehen, Ganbia, Senegal, Mali eta Burkina Fasoko herrialdeak pasa behar izan zituen.
Lagun bati esker dendari lana lortu ahal izan zuen Tripolin. Diru pixka bat irabazi ostean, mafiako kide batzuek bahitu eta kartzela antzeko batean sartu zuten. “Bertan gaixo asko zeuden, eta horietako asko hil egiten ziren” esan du gazteak.
Kartzela horretatik ihes egitea lortu zuen, eta Tripoli geroz eta arriskutsuagoa bihurtzen ari zela iritzita, bertan ezagututako zenbait kiderekin batera Europarako bideari ekitea erabaki zuten. Lagun horien artean, Rasta izan zen Mediterraneoko itsasotik bizirik atera zen bakarra.
Rastak bizitza berria hasi nahi du, eta behin Europara iristeko “ametsa” lortuta orain futbolaria izan nahi luke
Apirila hilabeterik tragikoena
Apirila urteko hilabete lazgarriena izan zen Mediterraneo itsasoan, 1.300 pertsonek bizitza galdu baitzuten Europara iristeko saiakeran. Urtea hasi zenetik ia 2.400 lagun hil dira Mediterraneoan Nazio Batuek Errefuxiatuentzako daukaten ACNUR agentziak emandako datuen arabera.