Salome Karwah liberiarrak ebola gainditzea lortu zuen 2014an. Otsailaren 22an hil egin zen, erditu ostean. Bere senideek salatu dutenez, medikuek ez zuten artatu nahi izan. Ebolaren inguruko estigmaz eta emakumeek Afrikako zenbait herrialdetan izurriteaz geroztik jasaten duten osasun zerbitzu eskasaz ohartarazi dute.
Salome Karwahek ebola izan zuen, eta gainditu egin zuen. Time astekariak 2014. urteko pertsona izendatu zuen, bere lorpen pertsonalarengatik eta beste gaixoei emandako laguntzarengatik. Mugarik Gabeko Medikuak GKEaren ospitale batean lan egin zuen, Monrovian (Liberia), besteei laguntzea “atsegingarria” iruditzen zitzaiolako.
Otsailaren 21ean bere laugarren semea izan zuen, zesareaz. Ospitaletik atera eta ordu batzuk geroago, konbultsioak pairatzen hasi zen. Familiak ospitalera eraman zuen, baina han ez zioten lagundu. Bere konbultsioek eta ahotik zerion bitsak langileak ikaratu zituzten, bere ahizpak, Josephine Manleyk, Timeri azaldu dion moduan: “Ebolaren biktima bat zela esan zuten, ez zuten ukitu nahi, ez zioten injekziorik jarri”. Hurrengo egunean hil egin zen.
Ez dakite zein izan zen konbultsioen jatorria, zesareari lotuta egon liteke. Baina, Josephine Manleyren iritziz, laguntza jaso izan balu, agian orain bizirik legoke. “Estigmatizatu zuten”, deitoratu du. Ella Watson-Strykerek ere gaixotasuna gainditu zuen eta Salome Karwahekin lan egin zuen. Time astekariari esan dio osasun sistema dela “munduko epidemiarik handiena”.
Afrikako herrialdeetan emakume asko hiltzen dira erditzean. Liberia munduko zazpigarren tokian dago: erditzen duten 100.000 emakumetik 770 hil egiten dira; Espainian, adibidez, 7 (2014ko datuak dira). Ebolaren izurriteaz geroztik egoerak okerrera egin du. Salome bezalako emakumeek, herrialde pobre batean emakume izateagatik pairatzen dituzten arazoez gain, gaixotasunaren ondorioak ere sufritzen dituzte.
Gaixotasunaren arrastoak, zama psikologikoa eta estigma
Eduardo Celades medikua Sierra Leonan egon zen ebola agerraldiaren aurretik, bitartean eta ondoren. Eldiario.es egunkariari azaldu dio zein oztopo jasotzen dituzten gaixotasunari aurre egitea lortzen dutenek. “Erronka asko gainditu behar dituzte, horien artean zama psikologikoa: askok arrasto larriak dituzte, beste askok familia galdu dute, eta horri gehitu behar zaizkio aurreiritziak, errua, estigma, bazterketa”. Ziurtatu du ezin dela esan ebolaren arazoa gainditua dagoenik, ondorioak jasaten ari direnekin lan handia egin behar delako oraindik.